Arrantzaleak kontratatzea eta lansaria ematea

Lekeition 1530. urtean sinatutako kontratu batek (lan honi erantsitako agiria) zehazten ditu Ternura bakailaotara joateko tripulazio bat kontratatzeko baldintzak. Anastasio Arrindak (1) adierazten duenez, “1927. urtean Pysbek bakailaoaren arrantzari berriro ekin zionean, Gipuzkoako barrualdeko makina bat baserritar aritu zen lanbide honetan. Horiekin batera, galiziarrak ere bazeuden. Hala eta guztiz ere, ofizialak eta makinistak kostako marinelak ziren gehienbat”. Tripulazioak osatzeko era horrek denboran zehar iraun zuen, baina gero eta gehiago izan ziren lan gogorrenen ardura hartzen zuten arrantzale galiziarrak.

Hasiera batean ez zen idatzizko konpromisorik egiten, baldintzak ahoz hitzartzen ziren. Geroago, behin-behineko kontratuak egiten hasi ziren (kanpainako). Beste hainbat ogibidetan lanean hasteko aukera handitzen joan zen neurrian, bakailaotara joateko arrantzaleak kontratatzeko zailtasunak ere handituz joan ziren. (1)

Marinelek eta arrantzaleek kobratzen duten lansariak ez du inoiz izan lanak eskatzen duen gogortasunaren maila bera. Hala ere, ontziratzen ziren nekazarientzat itsasoan irabazten zutena baserrian irabazitako diruaren osagarri izaten zen, eta gainontzeko marinelen kasuan ez zen hori gertatzen.

René Bélanger-ek (2) XVII. mendeko Nicolás Denys-en testuak aipatzen ditu: “arrantza mota honetan (bakailaoaren arrantzaz ari da) diharduten arrantzaleen artean euskaldunak dira trebeenak, bigarren postuan Rochelakoak daude, horien ondotik inguruko uharteetakoak, gero bordelesak eta azkenik bretoiak. Baliteke leku horietatik guztietatik urtero ehun, ehun eta hogei edo ehun eta berrogeita hamar ontzi joatea, bestelako eragozpenik ez badago, erregearen ontzietan erroldatu behar izatea, esate baterako. Baldintzen inguruan, berriz, desberdinak direla esan behar da. Euskaldunen artean ontziaren karga hartzen da kontuan, hau da, ontzia zamatu daitezkeen kintal kopuruaren arabera baloratzen da. Ontzi-jabeek tripulazioarekin adosten dute, bi edo hirurehun zati direnak, eta kapitainari zati horietako hainbat ematen dizkiote, bere karguan duen ospearen arabera, lehortegiko buruari hainbeste, pilotuari hainbeste, jantzi-zaintzaileei hainbeste, txalupetako maisuei hainbeste, ontzi-jabeei eta urketariei hainbeste bakoitzari, eta marinelei hainbat zati bakoitzari. Ontzia bueltan etortzen denean ez badute adostutako kintal kopurua ekartzen, bakoitzari prorratan kentzen zaio egon behar lukeen kopurutik falta den zatia. Aitzitik, adostutakoa baino kantitate handiagoa ekarriz gero, gehitu egiten zaie”.

Fernando Aizpurua Azarlosa eta Juan Mª Benito Eizaguirreren arabera, “1965. urte aldera bikote buruek lansari sinbolikoa izaten zuten, oso txikia, eta arrainen prezioen ehuneko hainbeste, kasuen arabera aldatzen zena. Tripulazioko gainerako arrantzaleek lansaria izaten zuten eta beste kopuru bat deskargatutako tona arrain bakoitzeko. Geroago, tripulazio osoak izan zuen arrainen prezioaren araberako ehuneko hainbeste, betetzen zuten postuaren mailari begira ezarria”. Arrantzale beteranoek gogoratzen dutenez, 1955. urtean popako mutil batek 7 pezeta irabazten zuen tona bakoitzeko, saregilearen laguntzaileak 9,50 eta bigarren saregileak 17 pezeta.

Javier de Aramburuk (3) honela dihardu 1967. urteari buruz: “soldatak hainbat eratakoak izan daitezke. Marinel batzuek hileko kopuru finkoa izaten dute eta hartutako tonen gaineko portzentajea. Beste batzuek, berriz, aldez aurretik finkatutako soldata izaten dute. Horretan aldaketak egon daitezke, eta ideia bat izateko esan dezakegu, portzentajearen gainean lan egiten duten langileek 3.000 pezetako lansari finkoa kobratzen dutela eta hartutako tona arrain bakoitzeko portzentaje bat, 35 eta 50 pezeta bitartekoa. Aldez aurretik ezarritako soldata finkoa kobratzen dutenak 10.000 eta 14.000 bitarteko hileko soldata izaten dute, eta hori baino zertxobait gehiago kontramaisuek, gazitzaile buruek eta sukaldariek".

Ternuan bakailaoa arrantzatzenTernuan bakailaoa arrantzatzen. Arrantzaleak ontzian lanean. Pysbe argazkia.

 

(1) Euskalerria eta arrantza. La pesca en Euskalerria. Anastasio Arrinda. Donostiako Aurrezki Kutxa, 1977.

(2) Los vascos en el estuario del San Lorenzo 1535-1635. René Bélanger. Auñamendi bilduma, 132 zk. Zarautz, 1980. Ternua.

(3) La ruta del bacalao. Javier de Aramburu. Aurrezki Kutxa Probintziala. Jakin bilduma, 1972.