Arrantzarako tresnak

Odriozolatarrek arrantzarako tresnak ere egiten zituzten, besteak beste kako arruntak, hegaluzeak ateratzeko kakoak, baita izurdeak harrapatzeko salabardo edo arpoiak ere.

Arpoiak 14 milimetroko diametroa eta 600 milimetroko luzera zuten barrekin egiten ziren. Barra horien ertz bati 200 milimetro inguruko kono bat ateratzen zitzaion, eta 60 milimetro inguruko irekiera bat egiten zitzaion, bertan egurrezko kirtena sartzeko, gehienetan hurritz edo lizar zurez egiten zena. Barraren beste ertzean arpoiaren burua finkatzen zen, hori ere forjatua.

Konoa egiteko, barra sutegian berotu ondoren, esku batekin ingude gainean heldu eta bestearekin mailuz gogor kolpatzen zen, triangelu formako xafla mehe bat eskuratu arte. Jarraian,  lehenbizi ingudearen ertzean eta ondoren mandril baten gainean mailuarekin kolpatuz xafla hori bere baitan bildu egiten zen, azkenean kono itxura eman arte.

Gero arpoiaren punta forjatzen zen. Horretarako, barra puska motz bat hartu eta ertz batean zulo bat egiten zitzaion. Gero, ertz bakoitzean hegats bat ateratzen zen. Hegats horiei zulo bat egiten zitzaien, eta bertatik ziri bat pasatzen zen, arpoia hasieran egindako barrara lotzeko. Horri esker, arpoia bira zitekeen: arpoia jaurtitzeko momentuan, arpoiaren punta eta barra lerrokatuta egoten ziren sokazko kirten bati esker. Arpoia animaliari sartzen zitzaionean, arrantzaleak soka baten bidez kirtena kentzen zuen, eta horrela arpoiak biratu egiten zuen. Horri esker, harrapatutako animalia ihes egiten saiatzen zenean, arpoiaren punta bere barnean gurutzatzen zen, animalia arpoira erabat finkatuz. Horrela animaliak ezin izaten zuen ihes egin.

Itsasoko uraren gatzaren eraginez, ontzietan erabiltzen ziren pieza guztiak berehala herdoiltzen zirenez, ezinbesteko izaten zen pieza horiek guztiak behar bezala babestea. Horretarako, Odriozolatarrek beren lantegian bertan zink geruza bat ematen zieten pieza guztiei. Horretarako bi eltze zituzten, bakoitzak80 litro inguruko edukierakoa. Lehen eltzea urez bete eta sutegian jartzen zuten berotzen, ura 40 ºC-tara iritsi arte. Momentu horretan azido klorhidrikoa botatzen zitzaion poliki-poliki. Nahasketa horretan piezak sartu ondoren, garbi-garbi geratzen ziren, koipe, herdoil eta zikinkeriarik gabe. Jarraian, kurrika batzuekin pieza guztiak handik atera eta lehortzen uzten ziren. Oraindik beroak zeudenean, bigarren eltzean sartzen ziren minutu batez. Eltze hori zink likidoz beteta egoten zen. Zink hori teilatu eta hodi hondakinak sutegian urtuta eskuratzen zen.

Gaur egun, egurrezko ontzigintza ia desagertu denez, Odriozolatarren lantegia itxita dago, lau belaunaldiren eta 100 urteko lanaren ondoren.