Arrasateko altzairua

Ferrak, iltzeak eta nabarrak egiteko nahikoa zen kalitate ertaineko burdina, baina arma zuriak eta, bereziki, ezpatak egiteko kalitate handiagoko lehengaia behar zen: ahoak gogorra izan behar zuen, kolpeak ondo jasateko; baina, era berean, ahoak malgua izan behar zuen, okertzean ez hausteko. Hau da, kalitate handiko altzairua izan behar zen, behin forjatu eta forma eman ondoren berriz ere tenplatu eta gogortu zitekeena.

Euskal Herrian, “Arrasateko altzairuari” esker garatu ahal izan zen arma zurien armagintza jarduera garrantzitsu hori. Toledoko ezpatak ere Arrasateko altzairuarekin egin izan ziren urte askotan, eta ezpata horiek XV. eta XVII. mendeen artean Europako onenentzat jo ziren.

Jose Antonio Azpiazuk material horren eta horretan lanean aritzen ziren gizonen historia bikain ikertu du (1) orain dela gutxi. Legazpiko Burdinola Elkarteak, berriz, altzairua lortzeko prozesu teknikoa aztertu du (2).

Denen diotenaren arabera, altzairuaren kalitatea bi faktoreen ondorio zuzena zen: fabrikazio metodo aurreratua izatea eta Udalaitzeko mendi-hegaletatik erauzten zen aparteko minerala eskura izatea.

Euskal Herriko errementeria gehienetan fabrikazio metodo zuzena erabiltzen zen, hau da, minerala labeko eragiketa bakar batean bihurtzen zuten burdin. Altzairua ere metodo berarekin ere egin zitekeen, baina kalitatea oso kaskarra izaten zen. Izan ere, oso pieza irregularrak izaten ziren, alde batzuetan gogorrak eta besteetan bigunak, eta hori dena berdintzeko askotan forjatu behar ziren.

marrazkiaAltzairua egiteko, Udalako minerala gehienetan aire zabalean erauzten zen, palankak edo eskuzko tresnak bakarrik erabilita. (Julen Zabaletak egindako marrazkia).

Arrasateko olagizonek fabrikazio prozesu berri bat erabiltzen zuten: zeharkakoa. Labeko lehen eragiketa batean, minerala karbono egoeran arrabio batera pasatzen zen, Arrasaten raia esaten zitzaiona, eta bigarren eragiketa batean raia horretako karbonoa moteltzen zen, altzairua lortu arte. Lehenengo eragiketa masukera izeneko burdinoletan egiten zen, ekoizpen handikoak zirenak; eta bigarren eragiketa, berriz, tiradera izeneko burdinoletan egiten zen, Burdinola horietan aritzen ziren olagizon ofizialek, tenacero izenaz ezagunagoak zirenak, benetako artisautza lana egiten zuten, landutako produktuen kalitatearen kontrol zorrotza izaten zuten, eta horregatik, burdinola horietako ekoizpena oso apala zen.

Zeharkako metodoa, Arrasaten mende batzuetan erabili dena, oinarrian behintzat, gaur egun siderurgia modernoan altzairua egiteko erabiltzen den sistema bera da.

Horrez gain, Arrasaten aparteko minerala zuten, Udalaitz mendi-hegaletik erauzten zena, baina XVII. mende inguruan agortu zen. Oxido ferriko eta kaltzio karbonato nahasketa bat zeukan. Gaur egungo siderurgiarako mineral pobreegia izan arren, garai hartan, mineral hari esker, lehen aipatu dugun zeharkako metodoa erabiltzea errazagoa eta merkeagoa bihurtu zen olagizonentzat. Euskal Herriako burdinoletan erabiltzen zen mineral arruntarekin, oxido ferriko kopuru handikoa zena, Raia lortzea oso zaila eta garestia zen, baina Udalaitzeko minerala erabilita, lan hori oso erraz eta azkar egiten zen.

Metodo zuzenean, burdina eta altzairua ez ziren likido egoerara iristen; zeharkakoan, raia egoera likidoan lortzen zen, eta horri forjatu egoki bat ematen bazitzaion, oso produktu homogeneoa lortzen zen, eta ondorioz, oso kalitate handikoa.

ForjaLehen planoan, maisu batek burdina eta altzairu pieza bat lantzen du ingudearen gainean, tenaza batzuekin helduta eta mailu batekin kolpatuz, nahi dion forma eman ahal izateko.
Ofizial batek barrak sutegian sartzen ditu, berotzeko. Atzean, ikastun batek, pertika bati lotuta dagoen kate bati tiraka, hormaren atzean dagoen hauspoa mugitzen du, egur-ikatzezko sutegiari indarra emateko. (Julen Zabaletak egindako marrazkia).

Lehengai ezin hobea izateaz gain, Euskal Herriko artisau maisuek altzairuzko barrak soldatzeko teknika fina, kalda, eta ingude eta mailuaren teknika zailak menperatzen zituztenez, bertan egindako arma zuriek izugarrizko ospea lortu zuten Europa osoan. Horrenbesteraino, non Solingengo (Alemania) eta Milango (Italia) ezpatagile batzuek, beren produktuak, kalitate kaskarragokoak, euskal ezpatagile ezagunenen zigiluarekin markatzen zituzten.

Iruzurra nahiko zabalduta egon behar zuen. Izan ere, 1553ko Batzar Nagusietan arazo hori eztabaidatu zen eta ondorioz, ezpaten inportazioa debekatzea onartu zen, Gipuzkoako ezpatagileei eragiten zien galeragatik.

Ramiro Larrañagaren esanetan (3), Toledon, arma zuriak egiteko Arrasateko altzairua erabiltzen zen. Altzairu horrek hiri horretako ezpatagileei ospe handia eman zien, garai hartan horrelako kalitatea zuen minerala Arrasaten bakarrik aurkitzen zelako, eta beraz handik "irten ziren Toledoko ezpata imitaezinak sortu zituzten altzairu preziatuak”.

 

(1) Jose Antonio Azpiazu. Arrasateko altzairua Garibairen garaian. Arrasateko udaletxea 1999an.

(2) Jose Antonio Azpiazu. Lehen aipatutako obra.

(3) Ramiro Larrañaga. Espaderos vascos en Toledo. Kuaderno gehigarria, Prehistoria-Arkeologia saila. Eusko-Ikaskuntza, 1984.