Arropa lisatzeko lanaren garapena

Lisatzea, ehunak leun eta itxura ederrez kontserbatzen laguntzen duen teknika gisa ulertuta, antzinakoa da. Hala eta guztiz ere, historialariak ez dira ados jartzen noizkoa den esateko garaian, baina oro har txinatarren asmakizuna izan zela esaten da.

Lehenengo lisatze lanetarako harri biribil eta leunak erabili zituzten. Harri horiek behin eta berriro pasatzen ziren arropa garbitu berriaren gainetik. Kristo aurreko 1400. urtearen inguruan metodoa hobetu egin zen, egiaztatu baitzen harriak aldez aurretik berotzen zirenean emaitza hobeak lortzen zirela. Harri horiek erabiltzea zailagoa zen. Oztopo hori gainditzeko heldulekuak zituzten lurrezko ontziak erabiltzen hasi ziren, egur ikatzezko txingarrez beteak, eta horiek ikatza erabiliko zuten lisaburdinen aurrekariak izan ziren.

Sistema hori helduleku bat zuten burdinazko lisaburdinek ordezkatu zuten, zuzenean suaren gainean berotzen zirenak. Teknika berri horrek bazuen eragozpen bat, lisatu beharreko arroparen gainean jarri baino lehen lisaburdinaren azpialdeko azal kiskalgarria kontu handiz garbitu behar baitzen.

Eragozpen hori ekiditeko asmoz eta aldi berean hainbat lisaburdina erabili behar ez izateko, batekin lisatzen zen bitartean besteak berotzen jarri behar ziren eta, XVIII. mendearen erdialdera “ikatz-lisaburdina” izenekoa hasi ziren erabiltzen. Oinarrian burdinazko ontzi bat zen, banda eta morroilo batez hornitutako burdinazko estalkia zuena, eta ikatza piztu eta bertan sartzen zen, antzinako buztinezko ontziak betetzen ziren era berean. Hala ere, sistema honek ere bazuen zailtasun bat, oraindik ere txingarrek eta ikatzak sortutako errautsak arropa zikindu egiten baitzuten.

Industrializazioak gasa ekarri zuen etxe batzuetako sukaldeetara, eta horrek burdinurtuzko xafla batez osatutako lisaburdina, zegokion helduleku eta guzti, berriro erabiltzea ekarri zuen; izan ere, lisaburdina hauekin ikatzak sortzen zuen zikinkeria eliminatu egiten zen.

Lisaburdinak behar guztietara egokitzen joan ziren, hala nola jostun edo kapelaginen beharretara, baita erroketak edo lepokoak kiribiltzeko zereginari ere.

XIX. mendearen bukaera aldean etxebizitzetara behe-tentsioko argindarra banatzeak etxeko lanetan ere argindarra erabiltzea ahalbidetu zuen, besteak beste, lisatzeko lanean. Izan ere, 1882 Henry Seely-k arku voltaiko irekia zuen lisaburdina elektrikoa asmatu zuen New Yorken, eta 1898 Charles Carpenterrek, Minneapoliseko zerbitzari batek, erresistentzia kiribila zuen lisaburdina elektrikoa.

1926an beste aurrerapen bat eman zen. Data horretan lurrunezko lehenengo lisaburdina elektrikoa jarri zuen abian Eldec Company garbiketa kimikoko konpainiak. Lisaburdina honek ur-biltegia zuen eta lisatzeko garaian lurruna erabiltzen zuenez zeregin honetan eman beharreko denbora murriztu eta lana erraztu egiten zuen.

Etengabe eman diren berrikuntzen ondorioz, gaur egungo lisaburdina modernoak ditugu, lisatzearen arazo zailenei konponbidea ematen dieten tresnak, egin beharreko ahalegina murriztuta eta zeregin neketsua arinduta.

 

Bibliografia

  • El planchado de la ropa. Krainel, S.A. Ufesa Taldea.