Artadiko harrobia eta harri litografiko lantegia Zumaian

Litografia grabatuak egiteko erabiltzen ziren harriak oso garestiak ziren, eta gehienak Alemaniatik inportatzen ziren. Hori zela eta, inguruan harri horien bila hasi ziren, eta horretarako hainbat ekimen sortu ziren.

Lehen aipatu dugu, 1839an,  Inazio Egañak material horretako harrobi bat aurkitu zuela Zumaiako Oikina auzoan. Bertako harria kalitate handikoa omen zen.

1892an Zumaiako Artadi auzoan harri litografikoak mozteko lantegi bat zegoela jasota dago (1). Lantegi horren jabeak honako hauek Pedro Dussin Claverie, Bilbon bizi zen meatze enpresari bat; Nikolas Gurrutxaga eta Esteban Aranguren, zementu naturala egiten zuten enpresari zumaiarrak.

Urte bete geroago, Artadi auzo bereko Caracas, Basakarte eta Aretaga (2) baserrien inguruko "kareharri harrobiak" aipatzen dira. Lursail hori kareharri tuparrizalez osatuta zegoen, eta baita ere aipatzen da, Karlos Mazarredok Pedro Dussin Claverieri alokatzen ziola lursaila, eta horrek “erauzten den harria aprobetxatzeko, harria zerratzeko oin berriko obrako lantegi bat eraiki duela”, Caracas baserriko lursail batean, aipatutako harrobiaren ondoan. Lantegian “bi zerra handi, zerra txiki bat, leuntzaile horizontal bat, leuntzaile zirkular bat, egurra mozteko zerra zirkular bat, eta Briston sistema duen lurrun-makina bat daude”, azken horrek motor gisa funtzionatzen zuen, eta bost zaldiko potentzia zeukan.

Aipatutako makinak zein diren kontuan hartuta, ondorioztatu daiteke, harria harrobian erauzi ondoren, lodiera zehatz bateko plaketan mozten zela, gero nahi zen neurrira eskuairatzen zirela, eta azkenean grabatua egin behar zen gainazala behar bezala fintzen zutela.

Aipatutako eskualdean ikerketa egin dugun arren, ez dugu material horren ezta lantegiaren arrastorik aurkitu, eta inguruko baserrietakoek ez dute lantegi horren berririk.

 

(1) A.H.P.O. Zumaia.

(2) A.H.P.O. Zumaia. 1893ko otsailaren 21ekoa. Ismael Manterolak utzitakoa

 

Iturri Nagusiak

  • José Miguel Álvarez Lizaso
  • Ramón Luis Alvarez Lizaso

Esker Onak: Ismael Manterolari, Zumaiako harrobi eta lantegia aipatzen duten dokumentuak utzi baitzizkigun, eta gurekin batera material hondarren bila aritu baitzen.

 

Bibliografia

  • Historia de la Tecnología. Trevor I. Williams,/ T.K. Dery. Siglo XXI deEspaña. Editores. Madrid 1990.
  • Industria Conservera en el Litoral Cantábrico. Varios autores. FEVE. Dirección de Comunicación.