Artazigileak

Gaur egun, artaziak ohiko bizimoduan sarri erabiltzen dugun eta baliagarritasun handiko tresna bihurtu dira.

Antxon Agirre Sorondoren esanetan, k.a. 1.000 urte inguru, ardiei ilea mozteko metalez egindako artaziak erabiltzen zirela adierazten duten aztarna arkeologikoak daude eta handik bost mende gerokoak dira horri buruz idatziz jasotako lehen erreferentziak.

Artaziak mota eta neurri askotakoak egin izan dira, erabilera anitzetarako baliagarri izateko moduan; erabilera horiek guztiak zehatzmehatz aipatzeko asmorik ez badugu ere, aniztasun horren erakusletzat har daitezke jantzigileek eta jostunek erabilitako artaziak edo ile apaintzaile, sukaldari, elektrizista, kirurgialari, inaustari, moztaile nahiz mahats biltzaileek, besteak beste, erabilitakoak.