Merkaturatzea

Debako arroan ekoitzitako artazien salmentaz arduratzen ziren beren kabuz aritzen ziren merkataritzako ordezkari edo agenteak, ehuneko jakin baten truke lan egiten zutenak produktu desberdinak ekoizten zituzten zenbait enpresentzako. Produktuak askotan, osagarriak izan ohi ziren eta bide eta bezero beretsuen bidez merkaturatutzekoak, batez ere, Espainia osoko burdindegietara eta aizto dendetara jotzen zuten. Mendeko azken hamarkadetara arte, esportaziorik ia ez zen batere ematen.

XVI. mendean bezala, Toledo plaza garrantzitsua zen. Hiri horretan egiten ziren tresna eta arma ebakitzaileen tradizioa eta irudia mantendu egin zen eta sustatu egiten zuten Toledoko marka zuten produktuen salmenta. Ohikoa zen hiri horretako merkatariek Euskal Herrian egindako produktuak erostea; gero, beraiek akabera eman edo beren marka jarri eta, bertokotzat saltzen zituzten.

Oso ohikoak ziren fantasiako artaziak; hala izendatzen ziren artazi txikiak, ebaketa alderdiaren eta begien artean apaindurak zituztenak, izan ere, azalera horretan markatuko zituzten, lirioak, bestelako lore irudiak eta bihurridurak. Apaindurazko elementu horiek estanpazko forjaketako lehen prozesuan bertan egiten ziren. Gero, Toledon urrez estaltzen zuten piezaren alderdi hori, XVI. mendean, Bergaran egindako artaziekin egiten zuten moduan, eta, berezitasun horrekin, artazien irudia nabarmenarazten zuten eta bestelako jatorria zuten artazietatik bereizten zuen ezaugarria eman.

 Debako arroako artazi fabrika bateko zuzendari batek gogoan du, behin, Toledo hiria ikustera joan zenean artaziak saldu nahi izan zizkiotela eta, atzeman ahal izan zuen, bere lantegian bertan ekoitzitakoak zirela artaziok; baina, saltzaileak berak esandakoaren arabera, bai, ebakera ezinobea zuten, hain zuzen ere, “Tajo ibaiko uretan tenplatzen zirelako”.