Artisau-prozesua

XVIII. mende erdialdean, hobekuntza handiak egin ziren lapurrek sarrailak bortxatzea ekiditeko. Horien artean aipagarria da orokorrean frantsesa bezala, eta Arrasaten zifratakoa esaten zitzaion mekanismoa: kisketak zuen koskan hortz bat sartzean, erabat geldirik uztea lortzen zen. Beste modelo bat, Chubb ingelesak asmatutakoa, 1818tik aurrera fabrikatzen hasi zen. Morroiloa biratzeko, giltzaren hortzek txapa birakari batzuk lerrokatu behar zituzten. Txapa horiei borja esaten zitzaien, eta Arrasaten, kanpai motakoa.

XIX. mendeko azken herenean, Linus Yale amerikarrak zilindro birakariko sarraila asmatu zuen, gaur egun gehien erabiltzen dena. Sarraila horretan giltza sartzean, bere hortzek hainbat larako eta ariete lerrokatzen zituzten, horrela giltzari biratzen utziz eta sarraila edo giltzarrapoa irekitzen utziz. Sarraila horiek 1924. urtean hasi ziren fabrikatzen Union Cerrajera lantegian, eta lantegi horrek monopolioa izan zuen Espainia osoan 1936 arte. Izan ere, fabrikazio prozesua sekretupean izan zuten ordura arte.

XIX. mende bukaera arte, sarrailen eta antzeko produktuen fabrikazio prozesua eskuzkoa zen erabat. Burdina karrakarekin lantzen zen, ezinbesteko lanabesa sarrailagintzan, baita mailu, zizel, beran eta terrailekin, besteak beste.

Sarrailagilearen lantokia lan-mahai bat izaten zen, ahal bazen leiho handi baten aurrean egoten zena, argiztapen naturala errazteko. Mahai horren gainean tornuzil birakaria, ingudea eta lehen aipatu ditugun erremintak izaten zituzten. Askotan, sutegi txiki bat ere izaten zuten, nahiz eta lan gehienak hotzean egiten ziren.

SarrailagileakSarrailagile batzuk, lehen planoan, XX. mende hasieran.