Arturo Andrade

Ez da askotan ikusten den zerbait, baina bitxia ere ez da eskulangile batzuk, bere eskuen trebetasunagatik, bere eskarmentu eta jakin-min profesionalagatik, gai izatea oso teknika desberdinak menderatzea eskatzen duten objektuak egiteko.

Seguruenik, gaitasun horren adibiderik adierazgarriena Arturo Andrade dugu gure herrialdean. Izan ere, eskultura-lan profesionalean (zura, buztina, harria eta argizari galduzko brontzea) bi hamarkada eman ostean, musika zaletasunaren bidetik gaur egun ia-ia denbora bera ematen du bai eskulturan bai hari igurtzizko musika-tresnak egiten (biolinak, biolak eta biolontxeloak).

Hain teknika desberdinak menderatzea eskatzen duten produktuak egiteko lanari arrakastaz heltzeko Arturok duen gaitasun honen atzean besteren konturako lanean bereganatu duen eskarmentua dagoke, eta jakin-mina noski, ezen horren bidetik irakurle eta bere inguruaren behatzaile nekaezin bihurtu da; eta ezin ditugu ahantzi, gainera, Arturoren eskuen trebezia eta ongi egindako lanak ematen dion gogobetetasuna.

Arturo AndradeArturo Andrarek egindako produktuetako batzuk. (Argazkia: Julen Zabaleta).

 

Artista/Eskulangilea

2005eko urtean, Arturo Andrade Arias artista/eskulangileari buruz ari ginenean (Aintzinako Lanbideak IX), adierazten genuen ezen gurasoen erabakiz, hauek aspalditik Elgoibarren bizi ziren, Allarizen (Ourense) jaio zela 1956an. Lanbide Heziketako ikasketak egin ondoren –Gipuzkoako herri horretan garai hartan ematen zituzten maila gorenekoak egin zituenindustri ofizial maila lortu zuen, eta 1972-1977 bitartean doitzaile lanetan jardun zuen Orbatu enpresan; honetan makina-erremintaren arloan aritzen ziren, eta horrek aukera eman zion metalak eraldatzeko eta lantzeko erabiltzen zituzten teknikak ezagutzeko.

Bere estreinako eskulanak soldadutzan egin zituen, Ferrolen (A Coruña), etxeko tresnak hain justu (koilarak, sardexkak, etab.); hasiera batean misil, mortero eta minen bilgarriak erabiltzen zituen, arma horiek babestu eta garraiatzeko erabili ondoren botatakoak noski, baina haren trebetasunaren berri izan zutenean ezpela eskuratzeko aukera izan zuen. Garai honi esker, nolako gaitasuna zuen erakutsi zion bere buruari.

Soldadutza kontuak amaitu ostean, batera eramaten hasi zen Allarizen beste baten kontura egiten zuen lana (berogailu-teknikari gisakoa) eta bere lantegian bertan zurez egiten zituen eskulanak. 1980 inguruan bere jarduera guztia azken espezialitate honetara bideratu zuen, eta lehengai gisa habeak erabiltzen zituen, ehunka urteko gaztaina- eta haritz-zurezkoak batzuetan, bera bizi zen inguruan botatako etxeetan lortzen zituen eta. Eta erabiltzen zituen oinarrizko lanabesak eskuzko zulagailuak, gubiak, arraspak, zerrak eta kurrikak ziren.

Beste kultura batzuk ezagutu nahi zituelarik, irakurle eta erakusketetako ikusle nekaezin bihurtu zen. Kanpora jo, eta Parisen egonaldi labur bat egin zuen (1985); han toki publikoetan egin zuen lan, beste profesional batzuekin batera, eta erakusketa jarduerari –batez ere eskulturari lotuari- 1981ean eman zion hasiera, Ourensen. Gero Galiziako beste hiri batzuetara jo zuen, eta 1989an estreinako aldiz iritsi zen Madrila. 2003an, beste artista batzuekin batera, bere lanak New York eta Japonian (Tokio eta Wakamatzo) erakutsi zituen. 1995az geroztik Elgoibar eta Allarizko bere lantegietan egiten du lan. Elgoibarko Alejandro Álvarezekin izan zuen harremanak aukera eman zion galdaketari buruzko bere jakintzak garatzeko.

1987an Allarizko bere lantegian brontzea argizari galduz urtzen hasi zen, eta zazpi urte geroago Elgoibarra jo zuen. Hasiera batean Jaurigiberri baserrian hartu zuen tokia, Elgoibartik Azkarate gainera doan errepide zaharraren ondoan, eta gero Ermuaran Bidera aldatu zen; duela gutxi, Pedro Muguruza kaleko lokal bat hartu du.