Ekoizpen-prozesua

Lehengaia betun geruza bat zuen kareharria zen. Meategian, material aberatsena jarraituz, meazuloak egiten ziren, eta han erauzten zen aipatutako lehengaia. Meatzariek, altzairuzko haga luzeak eskuz maneiatzen zituzten, eta laguntzaileek, haga horiek borrekin kolpatzen zituzten, horrela hobietan zuloak egin eta minerala erauziz. Borra horiek bereziak ziren, bola bat zuten kirten gisa, tresna ez labaintzeko. Jarraian, zulo horietan dinamita kartutxoak sartu, piztu, eta leherrarazi egiten ziren.

Leherketaren ondoren, pikatzaileek, eskuzko tresnekin, harria erauzten amaitzen zuten, harri puskak saskietan biltzen zituzten, errailetan zebiltzan bagoietan kargatzen zituzten, eta horiek animaliek (astoek) tiratuta, kanporaino ateratzen zituzten. Meatzari zaharreko diotenez, astoek lan ordutegia ikasten zuten, eta ordutegi hartatik kanpo, “ezinezkoa” omen zen animaliak mugitzea.

Materiala meategi pareko lautadan zabaldu ondoren, eskuzko borrekin txikitu egiten zen, 35 cm baino pieza txikiagoak lortu arte. Eragiketa horri lehen ehotzea esaten zitzaion. Jarraian, asfalto-kareharria errota batean ehotzen zen, hauts fin bat bihurtu arte. Hauts horri ukiezina esaten zitzaion, eta erauzi zen meategiaren zatiaren arabera, betun gehiago edo gutxiago izaten zuen.

% 9 baino betun kontzentrazio handiagoa izaten zuenean, lauza txikiak egiteko erabiltzen zen. Horretarako, langileek minerala eskorgetan kargatu eta palekin burdinazko plantxa handi batean zabaltzen zen. Plantxa hori adreiluzko aska batek heltzen zuen, eta sua pizten zen, arte-zurezkoa, egur hori oso ugaria baitzen meategi inguruetan.

Asfaltoa lantzenAsfaltoa lantzen.

Hautsak 70-80º C inguruko tenperatura hartzen zuenean, palekin molde errektangeluarretan sartzen zen, eta ondoren horiek dolare batekin trinkotzen ziren. Horrela asfalto naturalezko zoru-lauzak lortzen ziren, behin hoztu ondoren, eskuz pilatu eta garraiatzeko prest geratzen ziren.

Halaber, asfalto urtuzko ogi edo blokeak ere egiten ziren. Horretarako, % 9 baina betun kontzentrazio gutxiago zuen hautsa erabiltzen zen. Hori fuel-olioz berotutako pertzetan jartzen zen berotzen, eta lantegia berean eskuratutako edo kanpoan erositako betuna gehitzen zitzaion, petroliotik eratorritakoa, % 13ko kontzentrazioa lortu arte. Horrela fluido likatsu bat lortzen zen, asfalto urtua. Fluido hori moldetan jarri eta hozten uzten zen, horrela ogiak osatuz.

Asfalto urtua asko erabili izan da kaleak eta terrazak asfaltatzeko. Lehenbizi obrako pertzetan berotzen ziren ogiak, erabat urtu arte. Gero egurrezko baldetan garraiatzen zen, eta galtzadan isurtzen zen.

Gerra Zibilaren ondoren, betuna kareharrietatik zuzenean ateratzen zen. Harria ur-bainuan berotzen zen pertza batean, eta horrela, harrian erantsita zegoen betuna harritik bereizi eta ur gainera joaten zen. Jarraian, eskuz, kazola txiki batzuetan biltzen zen betun hori.