Astondoarrak

Festarako piroteknia enpresa ezagunena Astondoarrena da, Bizkaiako Arratia haraneko Areatza herrian kokatuta dagoena.

Enpresa sortzailearen bilobaren arabera, bere aitona Eustakio Astondoa Zabala areatzarrak (1861-11-2 – 1926-10-23), Agapito Landa bilbotarrarekin eta Federiko Rodriguez donostiarrarekin batera, Levantera bidaia bat egin zuen. Handik itzuli zirenean, lantegi piroteknikoak jartzea pentsatu zuten, eta hala egin zuten, Eustakio eta Federikok beren jaioterrietan, eta Landak, berriz, Basurton. Urte askotan oso harreman ona izan zuten hiruren artean.

Astondoak 1885 inguruan karri zuen martxan lantegia, eta batez ere suziriak, bonbak eta trakak egiten ziren bertan. Bere seme Luzio Astondoa Sopelanak (1890-12-1 – 1975-11-5), lanbidea aitarekin ikasi eta negozioan jarraitu zuen. Hala egin zuten bai azken honen semeek eta fundatzailearen bilobek ere (Eustakio 1929-11-27 eta Andoni 1933-1-21). Gaur egun laugarren belaunaldia lanean hasten ari da enpresan, hau da, Izaskun Astondoa Sarria, Eustakioren alaba.

Ibilbide luze horretan zehar, enpresak era guztietako egoerei aurre egin behar izan die. Gerra osteko urteak bereziki gogorrak izan ziren, beste industria askok bezalaxe, errepresaliak jasan behar izan zituen, eta horrek enpresaren garapena baldintzatu zuen, ondorioz, bere etorkizuna ere baldintzatuz.

Eustakio AstondoaEustakio Astondoa zabala, gaurko Pirotecnia Astondoaren sustatzailea eta euskal piroteknikarien familiako lehen ordezkaria. (Izaskun Astondoa Sarriak utzitakoa).

Gaur egun, lanak nahiko artisaua izaten jarraitzen du, eta eskari gehien dagoen garaietan ia hogei langile izaten dituzte enpresan. Lehiaketa asko irabazi dituzte lantegi horretako su-artifizialek, eta horietako asko konposizio bikainak dira. Baina, batez ere, lantegi horretan oso gauza garrantzitsua mantentzen da: lanbidean gorputza eta arima aritzea baita iraganeko maisu piroteknikarien ezaugarri ugari ere. Suziriek, zuziek, bengalek eta trakek, beste produktu batzuen artean, lantegiko ekoizpen programaren oinarria izaten jarraitzen dute.