Aterkigileak

Aterkiak, eguzkitakoak eta itzalkinak antzina-antzinako jatorrikoak dira. Hori adierazten dute behintzat antzinako monumentuek: txinatar, egiptiar eta asiriar kulturetan, printze eta subiranoek erabiltzen zituztela adierazten dute.

Aterkia honela definitzen da: bastoi bat eta oihalez estalitako hagatxo-multzo bat da. Hagatxo multzo hori zabaldu edo tolestu egin daiteke, eta eguzkitatik edo eta euritatik babesteko balio du. Tresna horiek egiten dituzten artisauek aterkigile dute izena. Izen bera hartzen dute aterkiak konpontzen dituztenek ere.

Iparraldeko lurraldeetako aterkia herrialde tropikaletako eguzkitakoetatik datorrela dirudi, eta portugaldar nabigatzaileek inportatu bide zituzten. Aterkiaren itxura asko aldatu da historian zehar. Gertaera garratzitsuenen artean, aipagarriak dira oihal iragaitza erabiltzen hasi zirenean (1730); aterki tolesgarria, “knirps” erdiko hagaxkaren iguruan  osatua (Hans Hauptek berlindarrak 1828an asmatutakoa) edo “Brolley” aterkia, hagaxka tolesgarriez osatua (Samuel Foxek 1874an asmatua). Azken hamarkadetan, modan dauden gustuek (kolore, tamaina, pisua eta abar) eragin handia dute aterkien diseinuan.

Etengabeko berrikuntza eta material berrien ondorioz, fabrikazio-teknologiak ere asko aldatu dira. Horrez gain, aterkia goi mailako klaseentzat bakarrik izatetik, gizarte osora zabaldu da.

Antxon Agirre Sorondoren arabera, aterkia nahiko tresna berria da Euskal Herrian. Landa-ingurunean, aterkiak beltzak eta gaur egungoak baino pixka bat handiagoak omen ziren. Baina emakumeak izan ziren koloretako aterkiak erabiltzen hasi zirenak. Hiriburuetan, aberatsen artean ohikoa zen zilarrezko edo bestelako material martzalekin egindako kirtendun aterkiak erabiltzea.