Atezainak

Langile hauen eginkizunak enpresaren tamainaren arabera finkatzen ziren. Esan daiteke denborak ere izan duela zerikusirik eginkizun horiek zehazterakoan.

Nahiko tamaina handiko enpresetan, langileburuak arduratzen ziren enpresetan pertsona eta materialen sarrera-irteerak kontrolatzeaz. Garita edo eraikin sendoetan kokatutako atezaindegietan egoten ziren ohiz. Gerra osteko lehen hamarkadetan ia beti atezaina jabea bera izaten bazen ere, gerora atezainak zuzendaritzaren konfiantzako langileak izaten ziren. Enpresek langileetan independenteenak aukeratzen zituzten atezain izateko, eta ez zuten prestakuntza handirik behar izaten (beste atezain batek egiten zuena ikusiz ikasitakoa baino ez). Atezainak ohiz nolabaiteko agintea zuen enpresa barruan, izatez orduko atezainen traje grisak garaiko polizia armatuaren traje grisa gogorarazten zuen. Enpresa batzuetan metalezko plaka bat eramaten zuten itsatsita bandolera moduan jartzen zuten uhalean. Atezaina aukeratzea, alabaina, nahikoa nahastu zen leku batzuetan langile erretiratuak, batez ere guardia zibilak edo gerran mutilatuak, lanpostu horretara iristen hasi zirenean. Kasu bakar batzuetan, lan hau zinpeko zaindariek egiten zuten.

Denborak aurrera egin ahala, lanpostu hau elbarritu eta birkokatuei ematen zieten.

CAFko atezaindegiaBarruan, eskuinaldean, Compañía Auxiliar de Ferrocarriles, SAko (CAF) atezaindegia 1915. urtearen inguruan. (Fernando Labordek utzitakoa).

Horien lehen eginkizuna langileen sarrerak kontrolatzea zen. Langile bakoitzari plaka zenbatu bat ematen zioten, eta hori taula batean zintzilikatzen zen, eta langile bakoitzak berea hartu behar izaten zuen lanera sartzeko ordua baino lehen. Atezainak jaso gabe gelditzen ziren plakak bereizten zituen, berandu zebiltzan langileen plakak nabarmenarazi eta horiei gero zigor bat ezartzeko, batez ere behin baino gehiagotan berandu etortzen baziren. Laneko ordua amaitzerakoan ere beste horrenbeste egiten zuen atezainak plaken kontrolari dagokionez. Kasu batzuetan, plakaren alde bat kolore gorriz pintatzen zen, eta langileak sartu edo irteterakoan bira eman behar izaten zion plakari, horrela plaka galtzeko arriskua ekiditen zen. Beste batzuetan, Goierrin esaterako, langileek lanetik irteterakoan hartzen zuten plaka eta etxera eramaten, hurrengo goizean sartzerakoan entregatzeko. Hirurogeiko hamarraldiaren erdialdera, erlojuak eta fitxak etorri ziren.

Atezainari zegokion, berebat, lapurretak zaintzeko ardura, eta batzuetan enpresatik irtetera zihoazen langileen ehuneko bat katxeatu behar izaten zuten. Beste batzuetan, irtetera zihoan langileak botoi bati eman behar izaten zion eta botoiari ematerakoan argi gorri bat pizten bazen, aleatorioki gertatzen zena, erregistratua izaten zen.

Txandaka lan egiten zuten langileen familiakoek enpresetara eramaten zituzten janariak ere atezaindegietan uzten zituzten, eta atezainak arduratzen ziren jaki horiek langileei helarazteaz. Atezainaren borondatean zegoen enpresetan debekatutako edari alkoholdunak sartzen uztea. Atezaina arduratzen zen baita ere kanpoko mandatuak, batzuetan presakoak (heriotzak, istripuak, gaixotasunak, eta abar), jaso eta barrura eramateaz.

Baina atezainaren ardura nagusia material eta merkantzien sarrera eta irteerak kontrolatzea zen. Materialei dagokienez, hirurogeiko hamarkadara arte materialak zaldiz tiratutako gurdietan etortzen ziren. Gurdi horiek tren geltokietatik etortzen ziren materiala ekartzera eta gero geltokietara itzultzen ziren landutako produktuekin.

Laneko ordenantzak indarrean jartzen hasi zirenean, atezainak lanbide kategoria berezietan agertzen ziren gutxieneko soldatarekin. Hala, hirurogeiko hamarkadan horien eguneko soldata 12,5 pezetakoa zen, peoi espezialistaren soldataren (10,5 pezeta) gainetik eta hirugarren mailako ofizialaren azpitik (13,0 pezeta) edota langileburuarena baino askoz ere beheragotik (17,5 pezeta). Benetan jasotzen zutena askoz ere gehiago zen.

Estarta y Ecenarro SAko atezaindegiaElgoibarko Estarta y Ecenarro SAko (SIGMA) atezaindegia. Julen Zabaletaren marrazkia.