ZUREZKO BETAURREKOEN FABRIKAZIOA

Iñaki Uribesalgo eskulangilea zurezko betaurrekoen fabrikazioan espezializatuta dago. Dena den, eta produktu osagarri gisa, eskumuturrekoak, lepokoak eta poltsak egiten ditu, besteak beste, trebeki.

Betaurrekoen kasuan, produkzio prozesua ordenagailuko diseinuarekin abiatzen da. Urtarriletik aurrera zura biltzen hasten da, batez ere intxaur, pago, elorri zuri, ipuru eta gerezi zura, eta basokoa beti.

Ondoren tirak moztu behar dira, fabrikatu behar diren betaurrekoen neurriaren araberakoak; piezak etengabe lixatzea dator hurrena, eta gero zura 30-45 minutu inguruko denboraz berotu egin behar da, segidan, eta sarjentak erabiliz, prentsatzeko. Prozesuak zura lehortuz segitzen du (4 edo 5 egun behar dira). Denbora hori urte-sasoiaren araberakoa izaten da, eta udaberri eta udan izaten da laburren.

Betaurreko pare batek 30 pieza inguru dauzka, eta horiek egiteko “pazientzia handia” eta, batez ere, profesionaltasuna behar da.