LABE-KARGATZAILE ETA LABE-HUSTUTZAILEAK

Besteren batean jada aipatu dugun moduan1 euskal meatzaritzaren industria oso garrantzitsua izan zen iraganean, batez ere XIX. mendearen azken herenetik aurrera, Bizkaiko burdin meak bereziki Erresuma Batutik izan zuen eskaeraren gorakadaren ondorioz; izan ere oso egokia zen altzairua egiteko orduko “Bessemer” prozedurarako. Julio Lazurtegiren arabera, guztira 1.317 milioi tona atera ziren, eta horietatik 1.185 esportatu ziren, hau da, % 90.

(1) Antzinako Lanbideak IV Meatzeetako harginak, 105. or. Gipuzkoako Foru Aldundia. 2000ko urtea.

Zonan ateratako lau mea mota nagusiak honakoak ziren: vena (hematite gorria), % 60-70 inguru zuen burdina, kanpanila (goethita), % 60ra irits zitekeen hau, rubioa (limonita), % 45 eman zezakeen, eta karbonatoak (siderita), % 35-40 inguruko portzentajeetaraino iristen eta normalean geruzarik sakonenetatik ateratzen zituztenak berak. Lege onenekoak agortzen joan ahala, karbonatoen ustiapena hasi zen. Azken hauek, labe garaietan erabili aurretik, kaltzinatze prozesu batean sartzen ziren, hain zuzen mearen legea gutxienez % 5-6 bat hobetzearren, ura eta substantzia lurrunkor eta organikoak kenduz, karbonatoen deskonposizioz eta sulfuroen oxidazioz.

1899an Bizkaian 33 labe ari ziren lanean, eta 610.000 tonako produkziora iristen ziren. Eta 1957an produkzio guztiaren ia-ia erdia material klase horretakoa zen.

Prozesua kaltzinatze labeetan egiten zuten; horietan labe-kargatzaileak behar zituzten, besteak beste, labearen goreneko partean lan egiteko, eta labe barreneko ahoan labe huste lanetan aritzen zirenak ere bai, “boquillero” deituak alegia, karbonato kaltzinatua ateratzeko puntuan lan egiteko.