"Liburu ederra du irakurleak esku artean…"

Horrela hasten zen Gipuzkoako Foru Aldundiak editatutako Lanbide Tradizionalen saileko aurreneko argitalpena. Gauza ugari aldatu dira geroztik, baita informazioa transmititu eta biltzen den formatua bera ere.

Autoreek, egin izan duten lanagatik behar adina eskertu ahal izango ez diegula jakinda, ateak zabaldu dizkigute ia ahaztuta dagoen mundu batera, galtzen joan diren lanbide eta lan egiteko modu jakin batzuetara, azken finean, oraingoa ez bezalako gizartea izan zen hartara.

Ikerlan etnografiko sakona izan da, hamar urte baino gehiago iraun duena, eta horren emaitza izan dira orain arte argitaratu diren hamar liburuak eta deskribatutako ehunetik gora lanbideak; gainera, arreta berezia jarri dute lanbide industrialetan, gutxien aztertu ohi diren lanbideak direla eta Gipuzkoaren kasuan garrantzi berezia izan dutela aintzat hartzen badugu. Bilduma lan hau lehen mailako iturri dokumentala da, bertan jasotzen baitira lanbide bakoitzean erabilitako teknikak, haien erabilgarritasuna, haiei lotutako ohiturak, garatu zituzten pertsonak... gure lehenaldi ekonomikoaren erakusgarri izateaz gainera.

Gu konturatu gabe, isilpean, ia behatz puntetan galdu diren lanbideak, ezagutu zituzten haien oroimenean betiko geratu direnak, ordea. Gure gizarte honetan sortutako aldaketek bazterrean utzi zituzten lanbide haiek eta beste batzuk agertu ziren orain bizi dugun iraultza teknologikoaren erritmora moldatuz.

 

Baina komeni da gogoan izatea...

Jakin badakigu lan honetan azaltzen diren lanbide asko jadanik ezin direla berreskuratu. Aurrerabidea aurrera doa errukigabe. Eta lanbide haiei asko zor diegulako egindako lana da hau. Dena den, zor handiegia litzateke, gainera, gure lehenaldia izan zena zeharo ahazten badugu, ziurrenez gaur garena zehaztu zuen lehenaldi hura eta, zalantzarik gabe, gure etorkizunean itzala utziko duena.

"Lanbide tradizionalek" gure kultura itxuratzen lagundu zuten. Web honetan azaltzen diren lan ugari gure aiton-amonen bizimodua izan ziren. Horrexegatik atera dugu argitara lan hau, autoreei, Karmelo Urdandarin, José Maria Izaga eta lan hau egiteko lagundu duten hainbat lagunei hainbeste eskertzen dieguna, gugan oso sustraituta dagoen zerbait itzuli baitigute. Gainera, halako laguntzarik gabe gure seme-alabei ezin izango genieke azaldu nondik gatozen eta norantz aurrera egin nahi dugun.