JOSTUNAK

Gizakiak, historian zehar, garaian garaiko beharretara egokitutako jantzi mota asko erabili ditu. Eboluzio horretan, bizi behar zuen ingurune gogorrean babestu behar hartatik, jantziak goi mailako klaseak bereizteko baliabidetzat erabiltzeraino iritsi da. Ikuspegi orokor batetik, esan dezakegu erabili dugun arropa aniztasun horretan beharrek eta gustuek izan dutela eragin nagusia, zertzelada bakoitzeko lehentasunekin batera, ahantzi gabe, ordea, eremu geografiko bakoitzeko erlijio sinesmen nagusiak eta erabiltzaileen maila soziala bera ere.

Eskaera aldakor horri erantzuna emateko eskulangileak jostunak izan dira. Hasiera batean, bezeroek ekartzen zizkieten oihalekin jantziak egitera mugatzen ziren. Hiri modernoen garapenarekin lanbide horrek oso bultzada handia hartu zuen. XVIII. mendearen amaiera aldean, emakumezkoentzako arropan espezializatutako jostunak agertu zirenean, bereizketa handia gertatu zen profesional horien eginkizunetan.

Lanbide honek eskulangile mordoa izan du tradizionalki. Informazio gisa, gogoratuko dugu ezen Savary des Brulons-en “Dictionaire du commerce”ren arabera 1725ean Parisen lanbide horretan ari zen jostun kopurua 1.882koa zela. Aldi berean, “Estado general de la población de la provincia de Guipuzcoa”ren arabera, 1797an guztira 192 jostun ziren; horietatik 92 maisuak ziren, 87 ofizialak, eta 13 jostun-mutil ere baziren, eta Araban, berriz, 356 ziren, 308, 22 eta 27 hurrenez hurren. Antxon Aguirre Sorondok dioenaren arabera, 1960an 400 jostun inguru ziren Gipuzkoan (Eusko News, 455. zk.). Gaur egun, seguruenik ez dira berrogeira iritsiko.

Joaquin Agirrek dioskunaren arabera, XIX. mendearen amaieratik XX. mendeak aurrera egin arte Beasainen aritutako jostunak honakoak izan ziren:

  • CORTES, Santa Maria, 3 - 1898
  • GAZTAÑAGA, Nagusia, 13 - 1908
  • CALVO, Nagusia, 9 - 1920
  • AGUIRRE, Nagusia, 5 - 1926
  • RIERA, Iturriotz, 3 - 1933
  • CABUE, Iturriotz, 9 - 1942
  • OTEGUI, Nagusia, 31 - 1954
  • ROMAN, Nagusia, 31 - 1954
  • JAUREGUI, H., Nagusia, 19 - 1956
  • ARMENTEROS, Arana, 3 - 1956
  • LLORENTE, Oriamendi, 27 - 1956
  • JAUREGUI, J., Iturriotz, 10 - 1966

(Aizpiri Aguirre sendiak emandako argazkia)(Aizpiri Aguirre sendiak emandako argazkia)

Esteban Azpiri Agirre, 1931n Barinagan (Bizkaia) jaioa, 13 urte zituela hasi zen josten ikasten, bere jaioterriko Isidro Maguregi jostunarekin. Bartzelonan ere izan zen, Juan Camps-ekin, 1962an, eta 65 urte zituela erretiroa hartu zuenean seme zaharrenak hartu zuen urte batzuk lehenago muntatutako jostundegiaren ardura.

Eibarrek, joan zen mendeko 40/50eko urteetan, eskualdeko eskaerari erantzuten zioten 21 jostundegi zeuzkan.

Bilakaera horretan eragin erabakigarria izaten ari diren bi zertzelada behintzat badira. Alde batetik, janzkeraren balorazio sozialean gertatutako aldaketa, orokorrean harrera ona duten mundu mailako markek eragin handia baitute, eta bestetik fabrikazio industrializatua, erosle gehienen eskaeretara egokitzen diren prezioetan egina. Dena den, merkatuaren parte batek jantzi tradizionala eskatzen du oraindik ere.