Merkaturatzea

Lehen aurreratu dugun bezala, aurrekargako armen “kopiek”, oro har, eta zehatzago joz pistolek, nagusiki bi eskatzaile mota izaten dituzte. Alde batetik, apaintzeko edo oparitzeko erosten dituztenak daude eta, bestetik, kirol erabileraren bat emateko asmoa dutenak. Lehen kasukoei dagokienez, indarrean dagoen legediak eskatzen du arma desaktibatuta egotea (ez tiro egiteko prest); bezeroak eskaturik, ARSAk berak egin dezake lan hori. Aurrekargako armak kirolerako erabiltzeko, aldiz, jarduera honetarako espezifikoa den AE motako lizentzia eduki behar da.

ARSAk egiten dituen pistola erreprodukzioen berri izateko bide nagusia “ahoz aho” igarotzen diren berriak dira, egungo bezeroengandik bezero izan daitezkeen pertsonengana iristen baitira. Internet ere bide garrantzitsua da.

Luxuzko kutxatilaLuxuzko kutxatila, XVIII. eta XIX. mendeetan oso zabaldurik egon ziren dueluko bi pistola dauzkana (ARSA).

Pistola kopien salmenta zuzena da, hau da, fabrikatzaileak zuzenean saltzen dio bezeroari, eta ia-ia beti enkargu bidez egiten dira ARSAren kasuan.

Pistolak, bezeroak nahi badu, kutxatiletan aurkezten dira; hauek ere eskulangile eibartarrek egiten dituzte, modelo bakoitzak behar duena, eta arma bakar bat edo bikotea eduki ditzakete, lehengo garaietan dueluetan erabili ohi zirenen moduan.

Apaindura ohikoa duen pistola baten prezioa 170 euro ingurutik, duelukoen kasuan, 750 euro ingurura joan daiteke, J. Manton baten kasuan esaterako. Kostu hauei erantsi behar apaindura bereziak, bezeroak aukeratzen dituen motiboen konplexutasunaren eta materialen araberakoak.