Aurrekari historikoak Europa maian

Dirudienez, ontzietako zamalanetan espezializatutako langileak izan aurretik, eginkizun hauetan ontzietako eskifaiak aritzen ziren, ofizialek zuzendurik. Lan hauek eskuz egiten zituzten, oso tresna lagungarri gutxiz, ahalegin fisiko handiz inolaz ere, eta ez zen aparteko prestakuntzarik behar honetan jarduteko. Autore batzuen arabera, ontzian bertan marinelek maneiatzen zituzten merkantziak, eta beste langile batzuk izaten ziren lehorrean.

Eginkizunetan ematen ari zen hasierako banaketa honetatik tokian tokiko langileen espezializazioa iritsi zen, arrazoi teknikoak eta ekonomikoak tarteko. Arrazoi teknikoen artean azpimarragarrienak ontziek portu batzuetara iristeko zeuzkaten zailtasunak, ezen gabarrak erabili behar izaten zituzten zamalanetarako, eta lan hauetan eskifaiakoak aritu behar; eta ekonomikoen artean, kostu txikiagoak izatea, lan-esku eskaintza zabala zegoen eta.

Langile horiek, Erdi Aroaz geroztik ohikoa zen legez, gremioak eratu zituzten azkenean, eta hauetan biltzen ziren jarduera berean ari ziren guztiak. Hasieran, gremio hauen funtsezko helburua gremiokideen beharrik larrienak asetzea zen. Baina elkarri laguntzeko espiritu honen ordez, pitinka-pitinka, lehiakideak bazterrarazteko nahia agertu zen, eta azkenean gremioak bere monopolioa ezartzera iritsi ziren.

Europako portu garrantzitsuenen historiak jasoak ditu gremioetan bildutakoen eta landa ingurua utzia zuen lan-esku ugariaren arteko borrokak, aipatu azkenak prest baitzeuden soldata txikiago baten truke lan egiteko, are ontzi-jabeen eta kapitainen laguntza ere bazutelarik.

Gremioen beste ezaugarri bat manipulatzen zituzten produktuen araberako espezializazioa zen; lana elkarrekin banatzen zuten, eta ez zioten taldekoa edo lanbidekoa ez zen inori lan egiten uzten.

Espezializazioaren adibide bat Amsterdamgo zohikatz kargatzaileen kasua da, 1619koa. Gremio honetan lau talde bereizten zituzten, biltzaileak, merkantzia hirira hurbildu zuten gabarretan sarturik zohikatza otar txikietan jasotzen zutenak, jasotzaileak, otartxo hauek portura iristean edukiontzi estandarizatuetan husten zituztenak, betetzaileak, edukia neurtu eta itsasontzi ertzean kokatzen zutenak, eta zohikatz garraiatzaileak, sorbalda gainean hartu eta hirian barna eramaten zutenak.

EstibadoresEstibadores. Dibujo a carbón de Lucas Alcale.

ZamalanakZamalanak.

Urteak igaro ahala, maisu maila lortu ahal izateko ikasketa praktikoa eta halako baldintza batzuk betetzea eskatzen hasi ziren gremioak, elkartean sartutakoentzat edota hauen senideentzat behar gorrieneko egoeretarako laguntza sistema bati eusten zioten bitartean. Ezin baitugu ahantzi istripuak, are heriotza eragiten zutenak ere, sarri-sarri gertatzen zirela.

Korporazio hauek oso garrantzitsuak izatera heldu ziren. Horixe ikusten dugu, esate baterako, XVIII. mendearen amaiera aldean, 1798an hain justu, Holandako gobernuak herrialdeko ekonomiaren egitura modernizatzea erabaki zuenean orduko 1.388 gremioak deuseztatzea erabaki baitzuen; horietatik hirurogeita bi, kargatzaile eta zamaketarienak ziren. Galarazita egon arren, elkarte hauetako batzuek lanean jarraitu zuten XIX. mendean oso aurrera egin arte, eta batzuk XX. mendeko lehen urteetara arte iritsi ziren.

XIX. mendearen erdialdeaz geroztik aldaketa handiak izan ziren portuetako lanean: kai berriak eraiki zituzten, eta berrikuntza tekniko garrantzitsuak heldu ziren, garabiak eta jasogailuak besteak beste. Gainera, bapore bidezko nabigazioak ordezkatu egin zuen pitinka-pitinka bela bidezkoa, XX. mendearen hasieratik. Bilakaera teknologiko gero eta bizkorragoak -portuko lanerako berariaz egindako karga-jasogailuak, garabiak eta urkila-igogailuak sartu zituztenean eta geroago paletak eta, batez ere, edukiontziak erabiltzen hasi zirenean, karga orokorraren kaltean- lana gero eta mekanizatuagoa izatea ekarri zuen, eta funtsezko aldaketak ere bai, esate baterako zamaketari kopurua murriztea eta hauen lanari prestakuntza-maila handia ematea.

Britainia Handian, zamaketari kopurua 1967an 60.000 inguru izatetik 1989an 10.000 baino gutxiago izatera igaro zen, eta joera berean da orain ere kopuru hori, portu britainiarretan merkantzien bolumenak gorakada izugarria izan badu ere; gauza bera esan genezake munduko beste portuei buruz ere. Lanbide prestakuntzari dagokionez, aldaketak begi-bistakoak dira, eta trebakuntza eta jakinduria teknikoa gero eta garrantzitsuagoak zaizkie langileei.

Zamaketarien sindikatuak, bere lehen fasean -XIX. mendea aurrera zihoala jada- gremioen funtzionamenduaren ondorengo izan zirenak neurri handi batean, egoera berrietara moldatuz joan ziren, eta enpresarien erakundeekin eta gero eta gehiago Administrazio Publikoekin negoziatzen hasi ziren. Sindikatuen bilakaera oso bizkorra izan zen, halako mailan ezen Ingalaterran, XIX. mendearen amaieraz geroztik, baziren jada langileak elkartzen zituzten erakundeak herrialdeko portuetan, eta 1896an I.T.F.ak hainbat herrialdetako marinelak eta zamaketariak biltzen zituen.

Bere oinarrizko helburuetako bat, lehengoen bideari jarraiki, lana banatzeko unean monopolioari eustea zen, kargatzaile eta zamaketarien erakundeek historian zehar egin bezala alegia.

Baina azken hamarkadetan zehar liberalizazio politikak gero eta jarduera kopuru handiago batean ari dira aplikatzen; tartean dira, inolaz ere, portuetako jarduerak. Ildo honetatik, Europar Batasuneko Batzordeak arteztarau proiektu bat aurkeztu du Legebiltzarrean, zamaketa zerbitzuak merkatura zabaltzea proposatuz, baina ez da onartua izan.