Auziak

Ikastunek maisu batekin ikasten zuten lanbidea. Horretarako bi alderdiek kontratu bat sinatzen zuten. Adibidez, Francisco Agirregabiria Aretxabaletar jostun maisuak 1775ean kontratu bat sinatu zuen, urte betean ikastun bati lanbidea erakusteko. Horren truke, ikastunak 29 dukat edo 319 erreal ordaindu behar zizkion maisuari, nahi bazuen bi epetan: lehena abuztuan, eta bigarrena kontratua amaitzean. Garai hartan ohikoa zen lez, ikastunak lantegitik alde egiten bazuen gurasoek berriz ere maisuaren etxera eraman behar zutela zehazten zen, baita ihesaldiak sorrarazitako kalteak ordaindu beharko zituztela. Maisuak ikastuna bere etxean mantentzen zuen, festa egunetan ezik. Orduan gurasoek ikastuna beren etxera eraman behar izaten zuten, “jaten emateko(1).

Baina auziak ohikoak izaten ziren. Esaterako, 1621ean, Juan Ezenarro jostunak Domingo de Amezola hartu zuen ikastun urte baterako. Hala ere, hilabete batzuen ostean “maisu eta ikastunaren artean ez zen behar beste konfiantza sortu”, eta elkarren arteko adostasunez kontratua etetea erabaki zuten. Horretarako eskribauaren aurrera joan ziren berriz ere, kontratuan zituzten eskubide eta betebeharrei uko egin eta horrela lan-harremana eteteko (2).

Gremio bakoitzaren eskumenak behar bezala mugatuta ez zeudenez, liskarrak izan ziren hainbat lanbideren artean. Esaterako, 1648an, Donostian, sokagileen gremioko nagusiek, hiriko hainbat denda ikustera joateko baimena zuten, eta horretan zeudela, jostun batek “bost montera zabal (kapa aurpegia estalita eramateko sistema) eta Frantziako Erreinuan egindako 74 dozena zilarrezko botoi oker” salgai zituela ikusi zuten. Ondorioz, sokagileen gremioak salaketa jarri zion jostunari Donostiako alkatearen aurrean.

Alkateak lehen epaia eman zuen eta sokagileei arrazoia eman zien. Monterak erretzea eta botoiak konfiskatzea agindu zuen, eta horrez gain, jostunek isun bat eta epaiketaren kostuak ordaintzea agindu zuen. Jostunak epaiarekin ados ez zeudenez, Valladolideko Errege Kantzelaritzan errekurtsoa jarri zuten, eta urtebete geroago, arrazoia eman zieten. Monterak jostunei itzultzea agindu zuten Kantzelaritzan, eta hala egin zen.

Jostunen funtzioetako bat ondasunak tasatzea zen. Lan hori zinpean egiten zuten, eta besteak beste zendutako pertsonen ondasunak, oinordekoen artean banatu ondoren, tasatu egiten zituzten. 1807an, Maria Bentura de Arano jostuna kontratatu zuten, Magdalena de Olarriaga hil ondoren, utzitako arropa tasatzeko. Guztira 841 errealetan tasatu zituen 12 maindire, 11 burko, 6 ezpain-zapi, 5 musuzapi, 2 errezel, 3 ohazal, 2 azpiko-gona, juboi bat (gorputzera estutzen zen txaleko antzekoa), 2 manta, lumazko edredoi bat, 6 buruko, 3 koltxoi, 2 lastaira, edarrapi bat (balkoiko barnealdea inguratzen zuen sareta) eta ohesabai bat.

Arropa horiek guztiak oinordekoen artean banatu baino lehen araztu egin behar ziren. Hori hiletaren hurrengo egunean egiten zen: arropa guztiak asun tartetik pasa eta 9 egunez zintzilik edukitzen ziren. Jarraian garbitu eta erabiltzeko prest geratzen ziren.

 

(1) GPAH L-1 – 1.932, 12. orria.

(2) GPAH L-1-1.353, 1621eko otsailaren 14a