Azpeitiko organogileak

Azpeitiko organogile eta zaharberritzaileek berebiziko garrantzia izan zuten. Beste kasu askotan bezalaxe, garrantzia hori ezohizko egoera baten ondorioa izan zen. Jose Inazio Alberdi Egañaren arabera, Diego eta Juan Eustasio Amezua bizkaitar maisu organogileek beren arbasoen lanbidean jarduten zuten. Balentziako katedralean lanak amaitu ondoren, ezin izan zuten Bilbora itzuli, hiria liberalek setiatuta baitzegoen. Ondorioz, Azpeitian finkatu ziren. Seguru asko bertan aldez aurretik organogile batzuk jardunean arituko ziren.

Diegoren biloba Akilino (1847-1912), Juan Eustasio Azpeitiarraren seme gazteena, garai hartako organogilerik garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen Aristides Cavaillé-Coll (1811-1899) frantsesarekin batera. Azken hau oso artisau berritzailea izan zen, eta organo sinfonikoa berak asmatu zuen. Guztira 700 organo inguru egin eta muntatu zituen, horietako batzuk Euskal Herrian, lehenbizikoa Lekeitioko Santa Maria Elizan, 1857an. Nafarroako inbentarioan (1) Cavaillé-Collen 3 organo azaltzen dira, eta Bizkaikoan, berriz, 6. Seguru asko, Gipuzkoan askoz ere organo gehiago egongo dira. Organo haiek Jose Inazio Aldalur (1829ko martxoaren 7an jaioa) azkoitiarrari esker iritsi ziren Euskal Herrira. Izan ere, Jose Inazio Azpeitiko organo-jolea zen eta Cavaille-Collen organoen aldekoa zen erabat. Frantses organogilea Baionan erbesteratuta egon zenean ezagutu zuen (bertako katedralean lan egin baitzuen). Horrez gain, Aldalur Akilino Amezuarekin etsaituta zegoen (2).

Azpeitiko organogile-maisua bizitza osoan gizon geldigaitz, ekintzaile eta nekaezina izan zen. Organogintzari buruzko oinarrizko ezagutza eta sekretuak bere aitarekin ikasi ondoren, Kubara ezkutuko bidaiari gisa joan zen ontzi batean, eta handik itzuli zenean, Frantziara joan zen bizitzera (1863). Han Cavaille-Collekin egin zuen lan, eta geroago, Stolzekin, batez ere hodiak egiten. M. Blondell lantegian (planoak) ere aritu zen lanean, baita Ingalaterrako Garn lantegian ere, Bubierekin harmonizazioan sakonduz. Alemanian Welte organo elektrikoak ezagutu zituen.

1882an Espainiara itzuli eta Balentziara joan zen bizitzera. Handik gutxira Bartzelonako Passeig de Gràciara aldatu zuen bere lantegia. Hiri hartan, 1888ko mundu-erakusketa zela eta, 5 teklatuko organo elektriko handi bat aurkeztu zuen,organogintzarekin zerikusia zuten guztiei deigarria gertatu zitzaiena. Urrezko domina eman zioten eta munduko organogile eta organojole guztiek zorionak eman zizkioten, horien artean Cavaillé-Collek. Horri guztiari esker, eskaera ugari jaso zituen. Fabrikatu zituen organo gehienak Euskal Herrian saldu eta jarri zituen. Lehen aipatu ditugun Nafarroako eta Bizkaiko inbentarioetan, hurrenez hurren Amezuaren 26 eta 16 organo ageri dira.

Akilino Amezua Organo lantegiaAkilino Amezua Organo lantegia, Azpeitian. (Jose Inazio Alberdi Egañak utzitako argazkia).

Azpeitiako Eleizgaray y Cía. organo lantegiaAzpeitiako Eleizgaray y Cía. organo lantegia (Jose Inazio Alberdi Egañak utzitako argazkia).

Organería Española latengiko fatxadaOrganería Española latengiko fatxada, Azpeitiko Loiolako San Inazion kokatua zegoena (Argazkia Pepe Gil).

Alargun geratu zenean, Passeig de Gràcian zuen lantegia Lope Alberdi dizipuluari utzi zion. Bartzelonatik Pasai San Pedrora joan zen bizitzera, eta geroago, Azpeitiara. Bertan bere anai Juan eta betiko lagunekin elkartu eta enpresa berri bat ireki zuen, hau ere organo-lantegia. Lantegi hartan Elgoibar, Zarautz, Oñati eta Berako organoak egin zituzten (azken horri 20 urteko bermea jarri zion), baita Santander, Oviedo, Sevilla eta beste hiri batzuetako katedraletakoak ere.

Maisu organogile handia izan zen, eta hari esker espezialista belaunaldi bat sortu zen. Horien artean aipagarriak dira Caucal, Galdos, Olaziregi, Karmelo Loinaz, Julian Elizburu, Simon Juaristi eta Antonio Aranguren.

Akilino Amezua 66 urterekin (1912ko urriaren 20an), eta handik gutxira Elizgaray y Cía. organo lantegia sortu zen. Bertan aipatu berri ditugun organogile guztiak hasi ziren lanean, Galdos eta Caucal izan ezik. Bi horiek Hernanin jarri zuten lantegia, eta Madrilgo casa Rodriguez lantegitik zetorren Rafael Puignauk hartu zuen lantegiaren zuzendaritza.

Enpresa asko hazi zen: alde batetik azken teknologia-aurrerakuntzak organoetan aplikatu zituzten, betiere instrumentura egokituta (alemaniar organogileen eragin argia). Bestalde, komertzialki ere arrakasta izan zuen (1915etik 1923ra 44 organo fabrikatu ziren), eta lantegian guztira 70 espezialistari lan ematera iritsi ziren. Baina gaur egun bezala, garai hartan jendearen arteko desadostasunak konpontzea ez zen erraza izaten, eta ondorioz, 1923an bazkide kualifikatu batzuek alde egin eta Puignau y Cía enpresa sortu zuten, hau ere organo-lantegia. Gerra Zibila hasi zenean, organo ekoizpena eten egin zen.

Gerra amaitu zenean, jarduera berezi horrekin jarraitzeko nahia azaldu zen, eta 1940an organo-lantegi bat (Organería Española, S.A.) jarri zen martxan. Lantegiaren izenari “Loiolako San Inazioko lantegia”  esaldia gehitu zitzaion, eta bertan, besteak beste Rafael Puignau (zuzendari gisa) eta Ramon Gonzalez Amezua aritu ziren lanean. Izan ere, lantegi berri hau Eleizgaray y Cía enpresaren jarraipena zen. Lantegia zezen-plaza aurrean zegoen kokatuta eta 1990ko hamarkada hasiera arte egon zen martxan.

Badirudi maisu organogileen berariazko teknologiak, betiere garai bakoitzera egokituta, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan direla, gaur egun arte.

 

(1) El órgano Cavaille-Coll de la Basílica de Santa María del Coro. Ángel Inaraja Ruiz. Grupo Dr. Camino de historia donostiarra San Sebastián.

(2) José Ignacio Albedi Egaña, publicó un interesante trabajo (Diario Vasco 29/07/1990) sobre José Ignacio Adalur. También resulta de gran valor informativo el titulado "Azpeitia y sus Organeros" (Diario Vasco 30/07/1976).