Badiola Hnos. Enpresa

Lehengaia, ihia alegia, Hong-Kongetik heldu ohi zen. Pedro Mari Galparsorok, baina, gogoan du fakturak Singapurretik heltzen zirela.

Prestatze-lan luze baten ondotik, Segurako enpresan egiten zituzten produktu garrantzitsuenak besaulkiak ziren, arruntak deituak, eta baita gaixo eta haurrei egokituak ere, hauek zituzten beharrak asetzera begira. Gainera jarlekuak, sofak, hamakak eta hainbat neurritako eserlekuak egiten zituzten. Ahal zuen neurrian, enpresa saiatzen zen bezero izan zitezkeenen eskakizunetara egokitzen, betiere bere jardueraren barnean noski.

 

Badiola Hnos. Enpresa

Gipuzkoako Zumarragako herriak oso tradizio handia du zume eta ihizko era guztietako objektuak egiteko lanean; tradizio honek hainbat belaunaldi hartu ditu.

Produkzio prozesuari buruz aritzean, “Badiola Hnos” enpresa gogoratu behar dugu. Juan Garmendia Larrañagak, “Preparación del junco para su empleo ulterior” lanean, aditzera ematen du konpainia hau 1914an fundatu zutela, eta bazkideak Fructuoso eta Ignacio Badiola zirela, oso ehule ezagunak biak inguruan; lehena, enpresa utzi zuenean, ihia egokitzeko lanetan espezializatu zen. Merkataritza Erregistroan aurkitu dugun lehen aipamena 1953ko maiatzaren 28koa da. Honen arabera, Badiola Lazkano zazpi anai-arrebek (Ramón, Angel, Nicolas, Hilario, Juan José, Lorenzo eta Romana) Julio María Ansuategi notarioaren aurrean agertu, eta konpainia erregular kolektibo bat eratu zuten, "Badiola Hnos. S.R.C.” izenekoa, 1.250.000 pezetako kapitalaz. Sozietatearen xedea zen “ihi eta zumezko objektuak eta deribatuak fabrikatzea eta saltzea, mota guztietako orraziekin eta plastikozko eta antzeko artikuluekin batera”.