Bainuetxea

Lehenago aipatu dugu 1797an Jovellanosek Zestoako bainuetxeko instalazioei buruz adierazitako iritzi txarra, baita handik 50 urtera Paula Madrazok bainuetxeari buruzko gorespenak besterik ez zituela adierazi. Esan beharra dago bainuetxeari buruzko laudorio eta gorespenak etengabekoak izan direla gaur egun arte.

Medikuek bainuen prestakuntzari garrantzi handia ematen zioten. 1822an (1) honako hau adierazten zen:  “Gizenei odola atera behar zaie, eta sentikorregien edo suminkorregien kasuan beren organoen gaixo-sentiberatasuna leundu behar da. Arau hau berdin bete behar dute urak edan bakarrik egin behar dituztenek. Hori lortzeko, bereziki bigarren kasukoek, serum, oilasko salda, oin bainu eta batzutan etxean bainu epelak ere hartu behar dituzte. Baina dieta edo jan-neurria ere aurrekoa bezain garrantzitsua da. Gizenek barazkiak besterik ez dute jan behar, eta gainontzekoei animalia gazteen haragiak eta barazki samur eta freskoak emango zaizkie.

Guztiek, bainuetxera etorri baino askoz lehenagotik, janari eta edari pizgarriak hartzeari utzi behar diote. Bainuak hartzen dituzten bitartean ez dute ez esnerik ezta esnekirik ere hartuko, ezta ozpinik, ezer garratzik edo alkoholdun likorerik ere. Kafea ere ez de komenigarria, beraz: gaixo guztiek ez dute ez kaferik, ezta tomate, kalabaza edo piperrik jango, ezta beste ongarri, jangarri astun, haizetsu edo pizgarririk ere.

Bainuak eguneko edozein ordutan har daitezke. Baina hala ere, komenigarriagoa da goizeko zortzietatik arratsaldeko ordu-biak arte hartzea, ordu horietan gorputzaren sentikortasuna erabat esna dagoelako, eta oraindik kanpoko eragileek kalterik egin ez diotenez, gorputza uren sendagarritasun guztia jasotzeko prest dagoela ziurtatzen dugulako.

Gaixoak sendoak eta indartsuak direnean, bainuak baraurik hartu behar dituzte, aurretik inolako urik edan gabe. Bestalde, ahulagoek eta histerikoek ordubete lehenago gosaldu behar dute."

Zeaorrortek honela dio: “gaur egun lehenbizi urak gorputza garbitzeraino edaten dira, gero txokolatea hartzen da eta azkenik, handik pixka batera, bainua; eta ohitura erabat gaiztoa iruditzen zait. Ezin zaio inori ezkutatu modu horretan bizitza urdailean eta hesteetan biltzen dela, eta urek larruazalean duten efektua nahikoa ez bada, ezin da urdaila nahi adina bizitu, halako eragozpenik gabe egingo litzatekeen moduan. Horregatik, urak edan eta aldi berean bainatu nahi dutenei hauxe gomendatuko nieke: urak goizean edatea eta bainua arratsaldean hartzea, bazkaldu eta handik bost edo sei ordutara. Betiere, gelatik bainutara zuzenean joanda eta kontu handia izanda kanpoko haizearen eraginpean hurrengo goizerarte ez jartzeko.

Baita ere, komenigarria da bainua hartu baino lehen paseo bat ematea, muskuluen jarduera indartzeko, eta bizitza gorputz-adarretaraino iristen dela bermatzeko. Baina bainuak hartzen diren bitartean beharrezkoa da geldik eta lasai egotea, uren isiltasunean murgilduz. Hipokratesek bainua hartu baino lehen eta ondoren ez jatea eta edatea gomendatzen du”.

Iturburuko ura edatenIturburuko ura edaten 1915 baino lehen (Álbum geográfico descriptivo del Pais Vascongado).

 

(1) Investigaciones analíticas y observaciones médicas sobre las aguas de Guesalaga comúnmente llamadas de Cestona. Patricio de Zeaorrorte. Casa de misericordia de Bilbao 1822.