Bainuzainak

Bainuzainei buruzko lehen albistea Jovellanosek eman zigun 1797an, Zestoako bainuei buruz hitz egiterakoan "bainuzain batek eta bere emazteak haren ardura dute" esan zuenean.

Madozek (1845-1850) ere esan zuen "bainuak oso erabilgarriak diren gizonezko eta emakumezko bainuzainek zerbitzatzen dituzte, behar den guztirako neskame eta morroi ugari dituztelarik: bainu bakoitzak 8 erreal balio du, lehortzeko eskuoihalak eta guzti, eta edateko urak 12 erreal balio du denboraldi osorako".

Garai hartako beste dokumentu bat (1) zehatzagoa da:

"Bi iturburu daude: bata handiagoa da, minutuko 20 ontzako 000 txopineko emaria du, 29 gradu Reamurreko tenperatura dauka, eta neguan ia 49 txopineko emaria dauka. Bestea txikiagoa da, garai berean 17 txopineko emaria dauka, baina asko alda daiteke, eurite garaian emaria lau aldiz handitzen delako eta beroa egiten duenean gutxitu egiten delako. Lehenengo iturburuarekin zazpi bainu-ontzi, ur-zorrotada, dutxa eta edateko iturria hornitzen dira. Bigarren iturburuarekin bi bainu-ontzi bakarrik betetzen dira.

Ur-korrontea nabarmen handitu denez, eta ur horrekin eguneko 100 bainu baina gehiago har daitezkeenez, iturburuko ura ibaikoarekin nahastu ote zen susmoak eta kritikak zabaltzen hasi ziren.Baina txutxu-mutxu horiek desagertu egin dira, urek gaixoak sendatu dituztela eta urek berehalako eragin libragarria dutela ikusi dutenean”. Gaur egun 11 marmolezko bainu daude, batzuk txikiak dira, eta horrez gain altuera eta forma ezberdinetako dutxa-gela bat ere badago.Normalean urak duen tenperatura naturalean hartzen dira bainuak; hau da, 26 gradu Reamurrera. Baina ur beroagoa behar den kasuetan, ura lurrunezko hodi baten bidez berotzen da bainuontzian. Hemen ez dira lurrun bainuak ematen.

Ura gehienetan goizetan eta baraurik edaten da. Lehen eguneko dosia edalontzi bat, bi edo hirukoa da, edalontzi batetik bestera 20-30 minutuko tartea utzi behar da, tarte horiek zumardian edo galerian paseatzeko aprobetxatuz. Azkeneko ur basokada hartu ondoren 20-30 minutu itxaron behar da gosaltzeko.

Ur-dosia 4 edo 6 basokadaraino handitu daiteke, eta batzutan hori baino gehiago ere bai, baina betiere aparteko kasuak dira. Horrek onura gehien sukar eten luzeen ondorioz gelditzen den kakexiak jotakoei egiten die. Horregatik, batzutan txokolatea hartu eta bi ordutara berriz ere ura edan dezaten gomendatuko nieke.

Bainua baraurik edo txokolatea hartu eta ordu pare batera edo hartzen da. Bainua arratsaldean hartzen bada, bazkaldu eta gutxienez handik 5 ordutara hartu behar da. Bainuaren iraunaldia ezin da finkatu. Urzale bakoitzari ordubete ematen zaio, arropa kendu eta janzteko denbora kontuan hartuta. Baina normalean bainua ordu erdikoa da.

Bainu beroa hartzen bada, buruan ur-hotzetan bustitako zapiak jarri behar direla agindu dut. Kasu gehienetan ere gomendagarria da bainutik ohera joateko arropa beroak janztea. Eta pertsona hozten bada, paseoak eman ditzake berotzeko..

Bainutik ateratzerakoan, pertsona batzuentzat ona da maindire, pattar edo koloniarekin igurtziak ematea

Gehienetan 9 bainu hartzen dira, eta ez zaigu oso bederatziurren luzea iruditzen.

Usadioz, bainuak hiru eratan hartu izan dira: ura edanez, bainu bitartez edo ur-jario bitartez. Bainuzainak bainuetxearen jabearen edo zuzendariaren konfiantzazko pertsonen artean aukeratzen ziren, eta aipatutako hiru modutan urak ematen laguntzen zuten. Gizonezko bainuzainak gizonezkoen bainuetan aritzen ziren lanean, eta emakumezkoak, berriz, emakumeen bainuetan; betiere, medikuntzarekin zerikusia zuten edozein gaietan mediku-zuzendariaren agindupean.

Bainuzainen funtzio nagusiak izan dira bainu-gela eta bertan nor sartzen den kontrolatzea (bertako giltza izaten zuten), urzaleak zerbitzatzea eta garbiketa lanak egitea.

Garai bakoitzeko araudiak xedatzen zuen bainuzainek "mediku-zuzendariak emandako txartela aurkezten ez dutenei bainuak ez erabiltzen uztea"; nahiz eta duela gutxi horretarako atezain edo zaintzaile batzuk jarri.

Etengabeko beste kezka bat bainuzainek mediku-zuzendariak agindutako bainu plana "ahalik eta gutxien aldatzea" zen. Plan hori, lehen esan bezala, medikuak emandako txartelean azaltzen zen, derrigorrez aurkeztu behar zena.

Ura edan behar zen kasuetan, bainuzainek ontzi egokietan eman behar zuten. Bainuen kasuan, bainuontzia prestatzea zuten funtzio nagusia, baita eskuoihal eta beharrezko arropa beroak ematea ere. Baina bainuzainen lan zailena ura zorrotada bitartez ematea zen. Araudiak zera zehazten zuen: “Ura behar bezainbeste erabili ahal izan dezaten, bainuzainak beti gaixoen esanetara egongo dira”.

Uraren tenperatura kontrolatzeko, araudiak “zentigrado termometro bat” erabil zezatela zehazten zuen, lehen esan dugun bezala, beti mediku-zuzendariak agindutakoa betez.

Laneguna bukatzean, erabilitako arropa guztia hartu eta, orain dela gutxi arte, gurdi batean garbilekuetara eramaten zen.

Bainuzainaren lanbidea betetzeko, lana ongi egiteko beharrezkoak ziren ezagupenez gain, pertsonekin harremanak izateko nolabaiteko gaitasuna ere izan behar zen, askotan aberatsak eta egoera berezian zeudenak zirelako (erdi biluzik edo erabat biluzik), bai bainuen kasuan, bai batez ere ur-zorrotaden kasuan.

Hizkuntza ere askotan oztopo handia izaten zen, bainuzainek ez zekitelako gaztelania askorik.

Datarik gabeko dokumentu batean, 1868koa izan daitekeena (Ur Mineral Etxeen Araudia) honako hau xedatzen da: "bainuzain bakoitzak denboraldi bakoitzean ezkutu bateko 600 milaren irabaziko du urzale bakoitzeko, mota guztietako soldaduen kasuan izan ezik, 400 besterik ez baitute ordainduko, eta erabateko txiroen kasuan izan ezik, horiek ez baitute deus ese ordaindu behar izango". Soldatetan ezarritako partaidetza horri urte askotan zehar eutsi zitzaion.

Ia 80 urte pasa ondoren, 1951. urtean, 9 ordutako laneguneko, emakumeek 7 pezetako soldata zuten. Gizonezkoen eta emakumezkoen soldaten arteko aldea oso handia zen eta jubilatutako langileek jasotzen zuten ordainsaria txikiegia zela zioten. Hala ere, beste aukerarik ez zegoenez, lanpostu horiek oso desiratuak ziren. Batez ere, eskupekoak eta, hein gutxiago batean, urzaleek egindako opariak soldataren osagarri garrantzitsuak izan dira betidanik.

 

Mantenu, Bainu eta uren prezioak 1868an

Zerbitzuaren prezioak bainuetxean.

Lehen mahaia. 30 kobrezko erreal pertsona bakoitzeko.

  • GOSARIA: Txokolatea, kafea edo tea aukeran.
  • BAZKARIA: Bi zopa, bi oilo eltzekar, lau plater eta lau postre.
  • OTAMENA: Txokolatea azukre-koxkorrarekin edo gozo plater bat.
  • AFARIA: Zopa, barazkiak, bi plater eta hiru postre.
  • GELA: Altzariz behar bezala hornitutako gela.

Bularreko umeak doan.

8 urte arteko umeak, 16 erreal lehen klasean eta 12 bigarrenean.

8 eta 14 urte arteko umeak 24 erreal lehen klasean eta 16 bigarrenean.

Gelan bertan zerbitzatzeagatik pertsona eta eguneko 4 erreal ordaindu behar dira.

Frantsez erara edo plater kopuru handiagoa jan nahi dutenek, hitzartutako prezioen arabera egin dezakete.

Bainuetxeaz gain, Zestoako herrian ere badaude apopiloak prezio merkeagoetan hartzen dituzten benta, baserri eta etxeak ere.

  • Bainu orokorra: 8 erreal.
  • Ur zorrotada: 4
  • Bainua eta ur zorrotadak: 12
  • Urak denboraldi osoan edateagatik: 12

 

Iturria: Fernando Arzalluz

 

(1) Aguas minerales termales de la clase salinas de Guesalaga llamadas también de Cestona en la provincia de Guipuzcoa. Donostia 1845 edo 1848 (alean urtea lausotuta agertzen da).