Eginkizunak

Oinarrizko eginkizunak bakailaoa harrapatu eta ontzian bertan prestatzea ziren; horretarako, burua kendu, goitik behera ireki, gatzetan sartu eta pilatu egiten zen.

Haranzkoan, garai hartan hamar hamabost eguneko bidaia, eguraldiaren arabera, sareak prestatzen ziren (boloak, diaboloak, berunak, kortxoak, “haizeak” izeneko kableak eta abar jarri, kableak neurtu). Arrantza-guneetara iristean, egunero (hamabi ordu lanean eta beste sei atsedenekoak izaten ziren, kasurik hoberenean) eta etengabe egiten zen lan, txandaka, lanaldia arrantza aukeren arabera moldatu behar izaten zen eta. Era horretan lan egiteko arrazoia zen tripulazioaren bi heren lanean ari ziren bitartean gainerakoek atseden hartu ahal izatea.

Patroiak kanpaina jotzen zuen “tresneria uretara” botatzeko agindua emateko. Lan hori eskuz egiten zen ontzia abiadura motelean zihoala. Hori eginda, arrantzan hasten ziren, eta horretarako orduko 2,5/3 mila bitarteko abiadura hartzen zen eta sarea herrestan eramaten zen. Sarea ireki egiten zen arrainak sar zitezen, eta ondoren itxi egiten zuten. Ontzian sartzeko agindua jasotzean, sarea makinaren laguntzaz altxatzen zen. Harrapatutakoa (bakailaoa eta beste hainbat espezie) hamar eta hogei tona artekoa izan zitekeen, baldintza onenak ematen zirenean.

Espezieak bereizi eta interes txikikoak itsasora botatzen ziren berriro (egia esan, bakailaoa izan ezik ia gainerako guztia botatzen zen). Ondoren, zenbaitetan oso baldintza kaskarretan, ontziaren gainaldean jarritako mahaietan burua kentzen zitzaion arrainari “matxete” baten laguntzaz, eta jarraian “irekitzaileak” sabelaldetik irekitzen zituen labana batez. Erraiak kendu eta gibelak (olioaren bitamina-balore handiarengatik) jaso ondoren, “arantza-ateratzaileak” bizkar hegala moztu eta arraina xaflatan irekitzen zuen. Jarraian arraina sakon garbitzeko, itsasoko ura hartu eta terreina batzuetan botatzen zen, ura asko mugituta eta “pica caballo” oihu eginez. Bakailaoa 100 kilo inguruko otarreetan uzten zen (harrapatutako kopurua jakitea errazten zuen horrek) eta bi arrantzaleren artean eramaten zuten haizebide moduko batera, eta hortik, kako baten laguntzaz sotora botatzen zen.

Lau bakailao itsasontziLau bakailao itsasontzi gatza hornitzen portuan. Pysbe argazkia.

Ondorengo zeregina, gatzetan sartzea, garrantzi handikoa da; izan ere, ez bada baldintza egokietan gauzatzen arraina hondatzeko arriskua dago. Lan hori sotoan egiten zen, gatzdun hezetasun handi eta argitasun gutxirekin, maisu gazitzailearen agindupean. “Pala txiki” bat baliatzen zuten bakailaoa eta gatz geruzak egoki tartekatzeko. Hiru edo lau egun inguru pasatzean, tarte horretan sortzen zen gesala drainatu egiten baitzen, prozesua errepikatu egiten zen, eta hasieran bezala jartzen zen berriro.

Bakailao hau berde izenez ezaguna da. Pasaiako portuan deskargatu ondoren, arraina lehortu egiten da, gaur egun lehortzeko dauden moduen artean edozein aukeratuta, eta merkaturatzeko prest geratzen da. Ezin da ahaztu prozesu guztia aurretik aipatutako testuinguruan gauzatu dela.

Deigarria suertatzen da Charles de la Morandiere-k bere lanean (Histoire de la pêche française de la morue dans l’Amerique septentrionale) adierazitakoa. Marc Lescarbot-ek arrantzale euskaldunak Ternuan lanean ikusi zituen 1606-1607. urteetan. Arraina lehortzeko erabiltzen zuten teknika honela deskribatzen zuen: “bakailaoa, lehorrean idortu behar da. Ternuan eta Bacaillos-en portu ugari daude eta horietan ainguratzen dute ontzia hiru hilabetez. Egunsentiarekin batera marinelak gazitze kanpainara abiatzen dira, karga hartzeko legoa bat, bi edo hiru eginez. Arratsaldeko ordu bata edo ordu bietarako bakoitzak bere txalupa bete du eta portura bueltatzen dira. Han egurrezko garai moduko bat dago itsas bazterrean eta bertan deskargatzen dute arraina, adar edo egur sortak baserriko leihoetatik botatzen diren antzeko eran. Barruan mahai handi bat dago deskargatutako arraina jartzeko. Gazitu ondoren harkaitzen gainean jartzen da haizeak eman diezaion, edo itsasoak pilatu dituen harkoskorren gainean bestela. Sei orduren buruan arrainari buelta eman eta pilatu egiten dute, eta berriro gauza bera egiten dute aire zabalean dagoenetik zortzi egunen buruan. Azkenik, lehorra dagoenean, prentsatu egiten da. Bakailaoa lehortzeko beharrezkoa da gandurik ez izatea, ustelduko bailitzateke, ezta bero handiegia ere, gorritu egingo litzateke eta; eguraldi moderatu eta haizetsua behar da”.

Funtsean, azken hamarkadetan bakailaoaren arrantzan aritzen diren marinelen lan baldintzak hobetu egin dira. Gaur egungo ontziak seguruagoak dira eta egiterakoan ontzian joango diren arrantzaleen bizi baldintzei garrantzi handiagoa ematen zaie. Era berean, lansariak iraganean baino hobeak dira eta elikadura eta laguntza medikoa ere egokiak dira.

Aurrekoa horrela izanda ere, esan beharra dago bakailaoa harrapatzea oso lan gogorra dela. Hori dela eta gaur egun lanbide horretan diharduten gizonak horretan aritzen dira ez dutelako beste aukerarik edo lanbidean eskarmentu handia dutelako.

 

Oharra: Gure esker ona José Pérez Casais eta Juan Chans Yacoste eskarmentu handiko bakailao arrantzaleei, eta Javier Carballo Berazadiri, haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen eta lan hau burutzea.