Baldintza gogorrak

Justo Iriondo eta bere taldearen eginkizun nagusienak “fabrikatik tren geltokira kanoiak, makinak eta hainbat merkantzia eramatea izaten zen, hala nola enpresen barruan pieza eta produktu batzuk mugitzea”.

Trena 1888ko ekainean iritsi zen Soraluzera, eta geltokia nahiko leku garaian jarri zuten egungo SAPArekiko. Beraz, geltokitik enpresa horretara zegoen desnibela handia izatez gain, bi leku horiek lotzen dituen kalearen amaiera aldean dauden kurbak bereziki estuak ziren. “Kotxe bidea”n (hala deitzen zioten kale horri) gora edo behera ibiltzea erdian bi gurpileko eta ardatz bakarreko plataforma-karro batekin, metalezko uztaidun gurpilak, egurrezko erradioak eta animaliak tiratzeko langa-uztai luze batekin, eta gainera kanoi edo makina bat gainean zuela, “ingeniaritza” lana izango zen benetan ‘Sanson’ eta bere taldearentzat. Geltokian bazuten garabia, baina batzuetan geltokitik fabrikarako bidea egin behar izaten zuten.

Garraio berezi horiek sarri egiten ziren hamarkada luzetan trenbideak izan zuelako pieza handiak garraiatzeko monopolioa. Gainera, kanoiek ondo zebiltzala ikusteko probatu egin behar izaten ziren. Hasiera batean proba horiek Soraluze eta Maltzaga bitartean, lehen herri horretatik kilometro eta erdira, zegoen probaleku batean egiten zituzten, gaur egun Unamuno enpresa dagoen lekuan. 1886tik aurrera, trena Soraluzera iritsi aurretik, Deban hasi ziren probak egiten. Herri horretara, garai hartako lurrunezko kamioi batek eramaten zituen kanoiak. Geroago, 1960an, Ulia mendira hasi ziren eramaten, eta geroxeago Jaizkibelera. Deban, leku bat baino gehiagotan egiten zituzten probak, esate baterako, ‘Sorginetxe’ izenekoan, eta batez ere hondartza gainean dagoen zabalgune batean, “El probadero” eta “La bateria” izenak dituenean.

Iragan mendeko ia hirurogeiko hamarkada arte, enpresa nagusienen arteko garraioa, hau da, batetik bestera egiten zutena, nahiko handia izaten zen. Orbea enpresa eibartarrean, “karreterua” karro eta zaldiaz departamentuz departamentu ibiltzen zen lanaldi osoan zehar, bizikletak fabrikatzeko behar ziren osagaiak batetik bestera eramaten. Soraluzeko kanoi fabrikan, batetik bestera eraman beharreko piezak pisu handikoak izaten ziren oso, eta horiek ‘Sanson’en esku uzten zituzten, lehiakortasunez eta profesionaltasunez lan egiten zuelako.

Justo Iriondok alkandora zuria janzten zuen, drillezko jaka, praka gris argiak eta txapela. Lanaldian zehar eskuan makila luze bat zuela ibiltzen zen; makila hori gurdiari erradioetan sartzeko izaten omen zen. Bere izaera gogorra eta abilezia herriaren oroitzapenean geratu dira.

SA Placencia de las Armas enpresan arotz sartu zenean, orduko 0,30 pezeta irabazten zituen; gero, igoera txiki batzuk izan ondoren, soldata 0,40ra iritsi zen peoi-buru izendatu zutenean, hots, 1898ko maiatzaren 10ean. Hogeita bost urte igaro ondoren, 1922ko otsailaren 22an, alegia, pezeta bat ordaintzen zioten lan egindako ordu bakoitzeko. 1942ko urtarrilean, 1,86 pezetara iritsi zen.

Badira anekdota ugari berari gertatutakoak omen direnak. Horietako batean esaten denez, kanoiak torneatzeko ordura arteko fabrika zeuzkaten makinetan handiena ekarri omen zuten, baina makina hori SAPAn jarri nahi zuten lekuan, aurretik forjatzeko matxino makina baten oinarri handi bat kendu eta beste leku batera eraman behar zen, bertakoek ez baitzuten beren baliabideekin holakorik lortu, ez eta Bilboko “nabal”ekoen aholkuekin ere. Konponbideak ‘Sanson’ek eman zuen: “Zulua egin eta enterrau”. Beste batean, SAPAko ingeniari bat bisitan etorritako ingeles batzuk gidatzen ari zela eta Justo Iriondo patal zebilela ikusiz, galdetu omen zion: “Sanson, ze pausu dek ori”. Eta ‘Sanson’ek bat-batean erantzun omen zion: “Sei errialeko jornalena”.

 

Eibarren jardun zuten gurdizain batzuen ezizenak

1940 baino lehenagokoak

  • ELGUETA (Eibar-Vitoria)
  • TURKUA (Eibar - Plasencia)
  • APRAIX - Aita eta semea (Elgoibar - Eibar)
  • KATILLU
  • "PRIMI" MENDICUTE
  • KURUTXETA, PATXI
  • ABADIÑO
  • BURU

1940 ondorengoak

  • LITRI
  • ORBE
  • PEPITXUA
  • ORTXA (Berasaluce)
  • LOYOLA
  • PABLO
  • NAVARRITO
  • ALDASORO
  • ALDALUR
  • MATXARI
  • BASTIDA
  • HIPÓLITO (izotz-banatzailea)
  • CIPRI

 

Berriemaile nagusiak

  • Conchita Iriondo
  • Arantxa Alberdi
  • Julen Zabaleta