Barrakoiak

Barrakoiak egurrezkoak izaten ziren, gehienetan berrogeita hamar lagun inguru bizi ziren bakoitzean, nahiz eta zifra hori aldakorra izan. Barrakoiek abantaila ugari zituzten meatzaritza-enpresentzat. Izan ere, meatzariei ustialekuen inguruan ostatua eta jaten ematen zitzaien. Gehienetan hiriguneetatik urrun egoten ziren ustialeku horiek, eta behin-behinekoak izaten ziren, burdina-zaina ahituz gero, dena azkar desmuntatu eta leku egokiago batean kokatzeko. XX. mende hasieran, aldi baterako meatzarien lana debekatu egin zen, hau da, denak finkoak izan behar ziren, eguneko erreal erdiko isunpean. Langile horiek barrakoietan kokatzen zituzten, ustialekuetatik gertu egon zitezen.

Meatzariak taldeka biltzen ziren jatekoa prestatzeko, eta oholtza gainetan jartzen ziren kamainetan egiten zuten lo, bata bestearengandik ohol batzuekin bananduta. XX. mende hasieran, ostatuak eguneko 0,25 pezeta balio zuen, eta iluntzeko bederatzietatik aurrera, ezin zen barrakoietatik atera. Higieneari dagokionez, baldintzak negargarriak ziren, baita garai hartarako ere.

Usadiozko meatzarien etxebizitzaUsadiozko meatzarien etxebizitza (C.U. 02/2001 – La Arboleda).

Urteak igaro hala, barrakoietako baldintzak hobetzen joan ziren, eta meatzariek ez zuten bertan bizi behar nahitaez. Loma generalaren parte hartzea, 1890eko greba zela eta, oso pauso garrantzitsua izan zen barrakoietako baldintzak hobetzeko, nahiz eta, berak nahi zuen bezala, barrakoietan bizitzea ez zen debekatu.

Instalazio berezi horiek, garai hartako egoera soziopolitikoaren ondorio zirenak, meategi-konpainietako langileek kudeatzen zituzten, gehienetan irizpide oso zorrotzekin. Gogoan eduki behar da, barrakoietan gizon gazteei ematen zitzaiela ostatua. Gehienetan lanaldi izugarri luzeak egiten zituzten (1890 arte hamabi ordu, eta handik aurrera, hamar ordu eta erdi, nahiz eta ez zen beti betetzen), oso baldintza gogorretan egiten zuten lan, eta soldatak oso eskasak izaten ziren.

Orconerako meatzari-etxeakOrconerako meatzari-etxeen gaur egungo egoera (1994) (Gallartako Meatzaritzaren Museoa).