Baserrigileak

Gure baserriak, nekazaritza eta abeltzaintzako familia-ekoizpen unitateak dira. Erdi Aroan sortu ziren, eta gaur egun duten itxura eta egitura XII eta XIII. mendeetan hartu zuten. Gaur egun arte iraun duten baserri zaharrenek, ez dituzte 500 urte baino gehiago izaten, egurrezkoak izanik, hezetasun eta sute arrisku handia baitute. Hori dela eta, XVI. mendeko ehun baserri inguruk bakarrik lortu dute gaur egun arte bizirautea. Errenazimentuan izan zuten goraldia baserriek. Usadioz, horrelako eraikinek bi erabilera nagusi izan dituzte. Alde batetik bizileku gisa, gehienetan familia bakarrekoa; eta bestetik, bertan bizi zen familiaren jarduera ekonomikoaren etxe gisa.

Ondasun hori tronkaleko onibarra zen, zatitu gabe belaunaldiz belaunaldi jarauntsen zena. P. Larramendik hiru baserri mota bereizten zituen herriekiko gertutasunaren arabera: etxondo, etxalde eta basarria. Hala eta guztiz ere, baserriaren ezaugarri nagusietako bat bakartasun edo isolamendua zen. Beste ezaugarri garrantzitsu berezi eta garrantzitsu bat baserriaren berezko izena zen, bai erakunde nahiz herritarrek onartu eta ezagutzen zutena, eta urteak joan hala aldatzen ez zena.

Euskal Autonomia Erkidegoko baserri kopuruari buruzko datu fidagarririk ez dugun arren, Gipuzkoan oso baliagarria da Iñaki Linazasorok bere Caseríos de Guipuzcoa(1) liburuan egindako inbentarioa. Liburu horren arabera, 1960ko hamarkada hasieran, 10.400 nekazari-familia zegoen, eta handik hamar urtera, 1972an, berriz, 8.820. Baserrien %60an, baserrietako familia-buruek, baserriko nekazaritza eta abeltzaintza lanez gain, industrian lanpostu finko bat izaten zuten. Aipatutako baserri kopuruen bi heren (6.792) jabetzan zituzten familiek, eta gainontzekoak (2.028) errentan hartuta. Hutsik edo erortzeko zorian 1.494 baserri zeuden. Baserri gehien zituzten udalerriak Donostia (483), Oiartzun (411), Azpeitia (355), Oñati eta Bergara (353 bakoitzean), Azkoitia (254) eta Elgoibar (234) ziren.

Euskal Herriko baserrietan, espazioaren laurden bat familiaren bizileku gisa erabiltzen zen, eta elementu nagusia sukalde-jangela izaten zen. Aziendarentzako ukuilua familiaren bizitokiaren solairu berean jartzen zen, solairu osoa berotzeko. Lehen solairuan belarra gordetzeko eta etxeko beste lekuetan egin ezin ziren landa-lanak egiteko lastategia izaten zen. Tailapean ganbara edo aletegia izaten zen, jasotako produktuak gordetzeko erabiltzen zena. Baserriko leku bakoitzak ezaugarri bereziak izaten zituen, bertan egiten ziren lanen araberakoak. Logikoki, leku horiek garai bakoitzeko beharretara egokitzen joan ziren. Baserri askotan dolarea jartzeko lekua ere izaten zuten, bertan sagarrak prentsatu eta muztioa eskuratzen zen, ondoren barriketan gorde eta sagardo bihurtzen zena.

Baserrigintza edo baserriak eraikitzea oso jarduera zaila zen, eta horretan jarduteko trebetasun eta eskarmentu handiko espezialista izan behar zen. Hala eta guztiz ere, baserrigintzari buruz egin diren ikerketetan ia ez dira baserrigileak aipatzen, hau da, ez da aipamenik egiten baserrien hormak edo etxe barneko egurrezko egitura egin zuten gizonei buruz. Kasu askotan, gizon horiek eraikitako baserri bikainek zutik diraute gaur egun.

Enborrak zerratzenEnborrak zerratzen, gero baserrien eraikuntzan erabiltzeko.

 

(1) Caseríos de Gipuzkoa. Iñaki Linazasoro. Caja de Ahorros Provincial de Gipuzkoa. Colección documento n1 4 1974