Eginkizunak

Lan-maisuak, horrez gain igeltsero eta enkofradore ere bazenak, ugazabaren aurrean baserria eraikitzeko konpromisoa hartzen zuen, eta obraren burua izateaz gain, lan guztiak ere egiten zituen. Obrak aurrera zihoazen hala, arotz bat kontratatzen zuen, askotan bere ohiko lankidea izaten zena. Arotz horrek teilatua egiten zuen, egurrezkoa bazen, eta horrez gain leihoak eta ateak. Ugazabak eraikuntza-lanak gertutik jarraitzen zituen, eta arazoak azaldu hala horiek konpontzen joaten zen.

Hormigoizko egituraren tamaina zehazteko, eskarmentuaz gain, aldez aurretik emaitza ona emandako baserrietakoak hartzen ziren kontuan. 30x30 zentimetroko ebakidura zuten zutabeak ohikoak izaten ziren, nahiz eta traktorearen edo gurdiaren pisua jasan behar zuten etxabetan 40x40 zentimetroko zutabeak ere egiten zituzten. Zutabeak baserriaren barne-banaketaren arabera jartzen ziren.

Askotan, hormak egin edo konpontzeko harria behar izaten zen. Hori baserri inguruan erauzten zen, ahalik eta gertuen. Horretarako pikotxak, palankak edo batzuetan dinamita erabiltzen zuten. Hala ere, dinamita erabiltzeak arazoak sortzen zituen, batzuetan harria lehertzen baitzuen, eta harri horrek, “hormetan jarri ondoren, ura iragazten uzten zuen, horrela baserri barnean itoginak sortuz”. Beharrezkoa bazen, harriak eskuairatu egiten ziren, eta horretarako zizela eta mailua erabiltzen ziren. Gero, harriak zementu eta hondarrez egindako masa batekin lotzen ziren. Hondarra itsasokoa izan ohi zen, garbiagoa baitzen. Askotan hormak harlangaitz lehorrez egiten ziren, hau da, harriak batak besteekin ondo ahokatuz, baina horiek lotzeko masarik erabili gabe. Horretarako forma egokiena zuten harriak aukeratu behar ziren.