Lan-baldintzak

Hein handi batean, bastagile lana nekazaritza eta abeltzaintza lanen osagarria izan da. Joera hori XX. mendean zehar handitzen joan zen, eskaria desagertu zen arte.

Bastak beti enkarguz egiten ziren eta haien kalitatea animaliarekiko egokipen mailaren araberakoa zen; hau da, zama garraiatzerakoan animaliari inolako zauririk ez egitea zen gakoa. Basta bustitzen bazen lehenago hondatzen zen, azkenean usteldu egiten baitzen.

Eskarmentu handiko artisau batek hamar ordu inguru behar zituen basta bat egiteko, eta basta hori hamarkada bat irautera iritsi zitekeen. Bastak, ahalik eta arinena izan behar zuen, baina 10 kilogramo inguru pisatzen zituen, eta 1995an 12.000 edo 13.000 pezeta inguru balio zuen. Prezioa, “ardi heldu eta osasun oneko” baten prezioaren araberakoa izaten zen. Prezioa bi urtez behin berrikusi eta igotzen zen.

Bastagile zaharrek oroitzapen onak gordetzen dituzte lanbideari buruz. Hari esker baliabide ekonomikoak lortu eta basta eskatzaileekin harremana izateko aukera izan zuten. Beste artisau batzuk bezala, komeni zitzaizkien egun-orduetan jarduten zuten lanean. Eta hori, gaur egungo ikuspuntutik ikusita, oso interesgarria da.

 

Bibliografía

  • Euskal esku-langintza. Artesanía Vasca. Juan Garmendia Larrañaga. Editorial Auñamendi Argitaldaria. San Sebastián 1975.