Produkzio-prozesua

Domingo Goiburu bastero txikiak dio ahal zen guztietan, basta egin aurretik animalia aztertzen zuela, horrela basta animalien ezaugarrietera hobeto moldatu zedin.

Produkzio-prozesua olana nahi zen neurrian moztuta hasten zen. Basta erabiliko zuen animaliaren tamainaren araberakoa zen neurria, eta olana jostun-guraizeekin mozten zen. Gero zakua lurrean edo mahai gainean zabaldu, eta horren gainean olana jartzen zen. Berriz ere guraizeekin beharreko mozketak eginez, zakuari olanaren tamaina berbera ematen zitzaion. Gero bi piezak bi aldeetan eta erdialdean batera josten ziren.

Ondoren lastoa sartzen zen olana eta zakuaren artean; lehenbizi alde batean eta gero bestean. Horretarako ahalik eta lasto sorta trinkoenak egiten ziren. Lan horri "paketeak egitea" esaten zitzaion. Gero sortak “bultzaka" bi oihalen tartean sartzen ziren. Fasea bukatzeko, orratz makur batekin beste bi aldeak josi, eta gero lastoa eskuz edo makila batekin, batzuetan baita oinekin ere, kolpatuz ondo banatzen zen. Hurrengo prozedura kordatzea zen; hau da, basta alboen artean hainbat josketa egitea (animalia txikia bazen, normalean zortzi edo hamar) orratza eta hari bikoitza erabiliz, horrela lastoa finkatu eta ez mugitzea lortzeko.

Bestalde, burdinazko urkila bat egiten zen 12 mmko ziria erabiliz. Ziri hori txatartegietan lortzen zuten, eta nahiko gogorra izan behar zen. Ziri horri forma emateko egurrezko oinarri bat erabiltzen zuten (alde batean triangelu forma zuen eta beste aldean zirrikitu bat irekita zuen enborra). Horren gainean ziria tolesten joaten ziren, bai eskuz baita kolpeka ere, U forma eta animaliak behar zuen neurria lortu arte.

Domingo Goiburu eta Emilio UrkiaDomingo Goiburu (bastagilea) eta Emilio Urkia (urtagilea) buru-belarri lanean, Idiazabalen (Goiburu familiak utzitako argazkia).

Alboko kuxinak egiteko (bi basta bakoitzeko), lehenbizi olana behar zen neurrian mozten zen. Barruan burdinazko urkila eta lasto osoa sartzen ziren (edo bi azao lasto batera lotuta), kuxina oso trinko geratzea oso garrantzitsua baitzen. Ondoren, kuxina josiz ixten zen. Aldetatik irteten zen zekalea moztu eta gero, aldeak josi egiten ziren. Fase osoa aipatutako bi piezak, hari lodia erabiliz basta edo txalmara josita bukatzen zen. Prozesu guztian, bastagileak pieza bere hanken gainean tolesten zuen, benetako forma emateko.

Gero 2 mm ko alanbre bat bastaren alde batetik bestera pasatzen zen. Aurrealdean geratzen zen punta barnera tolesten zen, animaliak urradurarik ez jasateko. Atzealdeko punta, “kurruperea” edo basta animaliaren atzeko aldeari elkartzen duen den zinta (normalean larruzkoa) lotzeko erabiltzen zen.

Animalia hobeto babesteko, bastaren azpian, zuzeneko ukipena izan behar zuen azaleran, ardi artilez eta lasto finez betetako bi olan jartzen ziren. Animaliaren gorputzaren azpitik pasa eta basta lotzeko balio zuen zingila ondo heltzeko, bi amarra ere jartzen ziren.

Artisau horiek ere bastaren gainean jartzen zen uhaleria ere egiten zuten. Horretarako lizar egurra eta, Urbian, pago egurra erabiltzen zituzten. Egur hori zeioarekin lantzen zuten, 50-60 eta 20-30 mm inguruko pieza laukizuzen bat lortu arte (bastaren tamainaren arabera) . Gero uhaleria bastan ahokatzen zen eta iltzeekin heltzen zen, animaliara egokitutako arku antzeko bat sortuz. Aurreko “makila” atzekoa baina txikiagoa izan behar zen, animalia atzealdean handiagoa delako.

Batzuetan bakarrik, basta animaliaren gainean probatzen zen, eta baita ere oso ohikoa zen pieza osoa bola gorri edo berdeekin apaintzea.

AstoaAstoa, basta gainean zama daramala. (Argazkia Javier Carballo).