Beharginak

Forja ekipo bakoitzeko langile taldea hiru forjarik eta laguntzaile batek osatzen zuten, eta ez zuten inolako prestakuntza berezirik behar. Enpresak aukeratzen zituen indarraren eta baldintza gogorretan lan egiteko gaitasunaren arabera. Langileek enpresa bereko beste langileek baino alogera handiagoak jasotzen zituztelako onartzen zuten lanpostua.

Ordainsaria, lan egindako ordu bakoitzagatik jasotzen zuten alogera izaten zen; horrez gain, sari finko bat izaten zuten egindako pieza bakoitzeko. Honenbestean edo destajoan irabazitako zati hori izaten zen, hain zuzen, irabazirik handiena. Horrela aritzen ziren hiru langileek prestakuntza berdina izaten zuten eta hirurek egiten zituzten forjaritzako lanak; morroi edo laguntzaileak garabia mugitzen zuen palankari ekiten zion eta makinaren atzean gelditzen zen zutik. Mahonezko alkandora eta galtzaz jantzita, kotoizkoak, lan egiten zuten; eta buruan txapela, inguruan zegoen kedarraz ez zikintzeko; oinetakotzat, bota arruntak, eta larruzko aurreko mantala soinean; batzuetan larruzko azpantarrak ere janzten zituzten. Burdinazko barrei esku hutsik heltzen zieten, baina barra moztu ahala kartoi edo kotoia (trapu zahar zirpilduz egindako mototsak) erabiltzen zuten burdinari heldu eta ez erretzeko.

Lanerako behar zen abildadea lortzeko, astebete batzuk edo hilabeteak behar izaten zituzten, eta zertxobait gehixeago forjari trebatuak izateko, batez ere gabiarekin lan egiteari dagokionez.