Beharrak bultzatuta mandatari

Gerra zibilaren ondoreneko urteak, batez ere berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadak, oso-oso zailak izan ziren. Familiako buru askok, horien artean emakume alargunak edo senarra ihesean edo kartzelan zutenak, etxea eta umeak aurrera ateratzeko zerbait egin beharrean aurkitu ziren, eta horrela hasi ziren mandatari lanetan.

Garraiobide pertsonalik gabe, - horixe baita kontua- jarduera hori burutzeko ez zen beharrezkoa heziketa handia izatea, ez zen baimenik edo antzekorik behar. Hori bai, osasun ona beharrezkoa zen, eta agindutako mandatuak betetzeko diziplina handia ere bai, eta zintzotasun handia ere eskatzen zuen. Izan ere, askotan mandatariarengan konfiantza handia jartzen zen, bere eskuetan balore handiko tresnak eta dokumentuak jartzen baitziren, eta baita esku dirua ere, ordainketak eta kobratzeak egiteko. Urteak pasa ahala, askotan, lan hau gurasoetatik semeetara pasatu da. Lanerako arropa jakin bat ez bazuten ere, gehienetan, egitekoari trabarik egingo ez zion arropa janzten zuten, eta gizonen artean ia-ia derrigorrezkoa zen txapela.

Tamaina jakin bateko herri guztietan, gutxienez mandatari bat izaten zen, eta biztanle gehiago zituztenentzat, bi edo hiru, eta oso ezagunak izaten ziren. Zenbaitetan egunero egiten zuten hiriburuetako batera joan-etorria, eta beste batzuetan, txandaka, asteko egunaren arabera.

Pakete oso desberdinak eta mandatuak jasotzen zituzten etxebizitza edo aretoren batean, eta geltokian bertan ere bai. Zamak saskietan sartzen zituzten eta treneko eserlekuen azpietan, edo bagoien goiko parrilletan ipintzen zituzten ahalik eta txukunen, izan ere zenbait treneko ikuskatzaile, pika-pika izenarekin ere ezagunak zirenak, beti prest zeuden “gainkargu” bat kobratzeko. Baina eraman beharrekoak tamaina jakin batetik gora hartzen bazuen helmugaraino fakturatzera behartuak zeuden. Horretarako lehenengo saskietan sartzen zituzten, eta gero oihalezko poltsetan, biak giltzarrapo bidez babestuta.

Garai hartan, ohikoa izaten zuten arropa eta janaria kartzeletara eraman beharra. “Neurrira” josten zuten sastreak ere bezero onak izaten ziren. Oihal erakusgarriak izaten zituzten, eta lan eskaera izaten zutenean, mandatariei esaten zieten behar zuten hura ekar ziezaieten. Modista eta jostunak ere gauza bera egiten zuten, eta zenbait oihal dendak ere bai. Komertzioek ere zenbait elikagaien garraioa agintzen zieten, eta batez ere, hiriburuko biltegietan enkargatzen zuten likorea. Garai hartan angulak, perretxikoak, edo herrietako ehiza eramaten zuten jatetxe edo hoteletara. Zapata dendek ere “bi edo hiru” pare bidaltzen zituzten herriko dendek eskatuta, aukera zitzaten.

Mandatariei hamaika kudeaketa egitea ere agintzen zitzaien, inprimakiak erostea, bulego ofizialetan agiriak entregatzea, eta ordainketak egitea, horretarako gehienetan, dirua ematen zitzaien, zenbaitetan, kopuru handiak, tarteko inolako egiaztagiririk gabe. Administrazio Publikoetan egin beharreko lanak izaten ziren lehenengo egiten zirenak, lerro luzeak, garai hartan hain ohikoak zirenak, ekiditearren.

Mandatari batMandatari bat 1950. urte inguruan (Pepita Iriondok utzitakoa).

Leku bakoitzeko industriak mandatariaren bidez bidaltzen zuen sortutakoa, bolumen txikikoa zenean, eta ez Donostia, Bilbo, edo Gasteiza, baizik eta beste edozein lekutara, horretarako “agentzietan“ entregatzen zuten. Botikek ere errezetak ematen zizkieten, gero errezeta horiek hiriburuetako laborategietan prestatzeko uzten zituzten, eta beranduago bertatik pasatzen ziren botikak jasotzera, herrira ekartzeko. Zenbaitetan diru aurreratu behar izaten zuten. Gabonetan, garaiko trabak izateaz gain, loteria erosteko mandatu mordoska izaten zuten.

Zenbaitetan, mandatariak komisionista ere bihurtu ziren. Oinetako beharra sumatzen bazuten erakusteko ekartzen zituzten (hainbat kolore eta zenbaki, baina oin bakarrekoak) eta saltzea lortzen bazuten hornitzaileari komisio bat kobratzen zioten. Beste batzutan, zenbati produktuk hiriburuan zuen prezioa ikusita (batez ere Gasteizen) erosi eta herrian, garestiago saltzen saiatzen ziren. Kasu batzuetan, mandatariak komisionista ere bihurtu ziren.

Mandatu bitxiak ere izaten ziren, horien artean nabarmentzen da itsasoko ura ekarri beharra (ziurrenik ere medikuak aginduta). Mandatariak Donostiako Kontxan hartu eta Gipuzkoa barnealdeko bezero bati eraman zion. Beste bizilagun batek hiriburuan zeukan familiako bati “goraintziak” emateko agintzen zion, baina halako batean nazkatu eta “goraintziak eramateagatik” faktura bat aurkeztu zion, handik aurrera ez zen mandatu gehiagorik izan.

Maila bateko mandatariek, hiriburu bakoitzean taberna edo beste lekuren bat izaten zuten ekartzen zituzten merkantziak uzteko, edo herrira eraman behar zituztenak jasotzeko. Donostia batzuk oso ezagunak ziren, Amarako Bar Benito edo Guria, oraingo Eusko Trenbideak-en geltokiaren ondoan, eta alde zaharrean Zarauztarra. Garaiko garraiobide publikoetan bidaiatzen zuten, trenak, eta zenbaitetan bizikletaz ere ibiltzen ziren. Laguntzaileak ere izaten zituzten, eta bezeroek emandako pakete eta mandatuak banatzeagatik ordaindu egiten zieten. Zenbaitetan banaketa beraien artean banatzen zuten, zonaldeka.

Itzuleran paketeak eta mandatuak jasotzen zituzten, lehenago esan dugun bezala, leku jakin batean, edota geltokiko kontsignan. Ohiz geltokian bertan egoten ziren hogeita hamar bat minutu inguru trena abiatu baino lehen azken enkarguak jasotzeko. Bestelako eginkizunak bezain garrantzitsua ez bazen ere, mandatariek trenaren ibilbideko geltoki txiki edo geltoki nagusien arteko geltoki txikietan ere egoten ziren paketeak hartzeko; leihatiletara hurbiltzen ziren bere laguntzaileari eta paketea hartu behar zuena ia ikusten zuten.

Mandatariak mezatatik irteterakoanMandatariak mezatatik irteterakoan, iragan mendearen erdialdera (Pepita Iriondok utzitakoa).