Bentalekua

Antzina, enkantean atera behar zuten arrainerako erosle potentzialak kaian biltzen ziren, ‘enkante emaile’ esaten zitzaion pertsonaren inguruan, honek zuzentzen baitzuen enkantea. Alturako arrantzaren kasuan, armadorearen enplegatu bat izaten zen enkante emailea. Baxurako arrantzan eta Gipuzkoako portuetan, enkante emaileari bentero esaten diote, eta Kofradiak hautatu eta ordaindutako pertsona izaten da. Idazki zahar batzuetan ‘ventador’ izena ageri da.

(Argazkia: Javier Carballo)(Argazkia: Javier Carballo)

Geroago, XIX. mendearen amaieraren eta XX.aren hasieraren artean, kofradiek eta, kasu batzuetan, udalek lokalak egokitu zituzten, berariaz bentalekua izateko eta enkantea bertan egin ahal izateko. Gela zabala izaten zen, karratua edo laukizuzen formakoa, eta bertan biltzen ziren arraina harrapatutako arrantzaleak, erosle posibleak, bentero edo enkante emailea eta idazkaria, Kofradiaren enplegatuak azken biak.

Ondoren, gela horietako biren instalazioa azalduko dugu, Mutrikuko eta Zumaiakoarena zehazki; izan ere, duela urte asko utzi zioten bentaleku gisa funtzionatzeari eta orain, zaharberritu ondoren, turismo museo txikiak dira.

Honela zeuden banatuta: gela erdian, edo paretetako batetik hurbil, zurezko altzari hexagonal edo oktogonal bat zegoen, piramide-forma batez amaitua erdian. Armairu horren ondoan eta lurretik 30 cm inguru gora zegoen tribuna batean, mahaia eta aulkia ziren, idazkariarentzat, eta enkante emailea jartzen zen besaulkia; dena den, hau zutik egon ohi zen enkantea hasten zenetik. Gelako pareten kontra banatuta, zurezko 30 edo 40 eserleku zeuden, kateatuta, erosleak esertzeko. Erosleen eserleku bakoitzean, beso-euskarrietako batean, palanka edo pultsadore bat zegoen, beste interesdunen bistatik ezkutuan, eta eserlekuko titularrak sakatzen zuenean hagaxka bati eragiten zion, ezkutuan zela hau ere; hagaxka beso-euskarritik lurreraino iritsi eta, tarima azpian ezkutatutako beste hagaxka batzuekin konbinatuta, erdiko altzarian ezkutatutako hodi batzuetaraino iristen zen, altzariok konporta bat baitzeukaten azpiko aldean. Hodiok, gelako eserleku adina zegoen, erosle bakoitzaren bolak zeuzkaten barnean. Zurezko bola bakoitzak, 2,5 edo 3 cm-ko diametrokoak ziren, zenbaki bat zeraman, bai pintatuta bai suz grabatuta, erosle bakoitzari esleitutako zenbakia alegia. Erosleak pultsadorea sakatzen zuenean, hodiko konporta zabaltzen zen eta lehenbiziko bola arrapala batean behera erortzen zen, enkante emailearen bistan agertu arte. Sistemak bola bakarrari uzten zion erortzen, pultsadorea sakatzen lehena izandako eroslearenari alegia. Orduan benteroak, bolaren zenbakiari begira, honela zioen: “Salmenta halakoari esleitua”

(Argazkia: Javier Carballo)(Argazkia: Javier Carballo)