Bergarako labanagileak

Urteak joan hala, jarduera horretan aritzen ziren profesionalak gero eta garrantzi handiagoa hartzen joan ziren. Erdi Aroan arma zuriak egiten zituzten artisauak agertu ziren (batez ere labanak egiten zituzten), San Matias gremio edo kofradiaren barne. Gremio hori labanagileen kofradia bezala ezagutzen zen. Gremio horren betebehar nagusia, "era guztietako labanak” egiteaz gain, “Era guztietako mozkailuak eta guraize handiak” egitea zen. “Sastakaiak egitean, ezin zuten egurrezko kirten-azalik egin, adarrezkoak baizik". Horrez gain, egiten zituzten tresna guztietan beren marka jarri behar zuten, benetakoa, ezaguna eta besteengandik ezberdina izan behar zena.

Ikastaldi nahiz fabrikazio-kontratu ugariak ikusita, argi dago XVI. mendetik aurrera, labanagintza eta guraizegintza jarduera garrantzitsuak izan zirela Debaertainean eta Debagorenean. Artisau horiek lan egin zuten kaleek “labanagileen kale” izena mantentzen dute, edo bestela izen horrekin ere ezagutzen dira.  Arrasateko altzairu ospetsua, Udala mendiko mineralarekin egiten zen, prozesu oso zehatz baten arabera. Altzairu hori Toledon ere erabili izan zen ezpatak eta bestelako tresnak egiteko, eta ondorioz oso arrakastatsua izan zen.(1)

Leunketa instalazioaLeunketa instalazioa, 1950 aldera (Argazkia J.M.I).

Juan Madariaga Orbearen arabera (Historia Social de Bergara en su época preindustrial lanaren egilea), Bergaran labanagintzak eta guraizegintzak garrantzi handia izan zuen, manufaktura-sektore ezberdinetako artisauen %40 jarduera horretan aritzera iritsiz. Adibide gisa, 1536 eta 1730 artean lan egin zuten 155 maisuen hiru laurdenak labanagileak ziren, eta beste laurdena guraizegileak.

Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak, garapen ekonomikoa bultzatu nahian, arreta handia jarri zuen jarduera horretan. 1771an, beren aktetan honakoa adierazi zuen:

Batzorde hauen lehen helburuetako bat burdinarekin zerikusia duten manufakturak sustatzea da, Euskal Herriko lehengai ugariena baita. Batzordea Bergaran kokatutako labana-lantegia perfekzionatzen saiatu da, bertan lortu dituzten hobekuntzak gure batzordeari aurkeztutako ereduekin frogatu baitituzte. Halaber, adierazi dute Karakasko Errege Konpainia Gipuzkoarraren arretak eta ardurak asko laguntzen diela, eta laguntza hori handitu egingo dela Errege maiestateari eskatutako eskubideen salbuespenari esker”.

Hobekuntza teknologikoaz ere ardura handia izaten zuten. 1772an egindako lanei buruz, honakoa azpimarratzen zuten:

Mr. de Reaumurrek burdina altzairu bihurtzeko teknikari buruz eman zituen aholkuen arabera, tenplaketak behatu ditugu, eta horiek ikusi ondoren honakoa ondorioztatu dezakegu:

  1. Arrasaten lantzen den altzairuak, gerezi-kolorean edo gure labanagileek dioten bezala, gibel-kolorean duen tenperatura baino tenperatura altuagoa behar duela.
  2. Altzairu horrek tenperatura egokia kolore zurixka duenean lortzen du, ahoak, aldez aurretik kedar eta herdoil nahasketaz igurtziak, askoz hobeto tenplatzen baitira. Reamurrek totxo lauak tenplatzeko emandako aholkuak jarraitzeko, burdinazko xaflazko kaxatxo bat egitea bidali dugu, aldi berean zazpi edo zortzi dozena labana tenplatu baitaitezke”.

"Sari eta eskersariak handituz, gaur egun lantegian jardunean ari diren ofizialek, eredu horretan oinarrituta, proposatzen zaien edozein lan egin dezakete”.

Egia da hobekuntza eta aurrerakuntza horiek guztiak Karakasko Errege Konpainiaren babesari esker lortu direla, beti prest baitago Euskal Herriaren aldeko edozein ideia sustatzeko”.

Karakasko Errege Konpainiarengan zegoen itxaropenak eta baikortasunak ez zuen asko iraun. Izan ere, 1774an, egoera erabat ezberdina zen, txosten honetan adierazitakoaren arabera:

"Bergaran kokatutako lantegiak gainbehera nabaria jasan du, Karakasko Konpainiak Venezuelako probintziarekin merkataritza jarduerak egiteko hornigaiak erosteari utzi zionetik: ondorioz, garai batean lantegi horretan berrogeita sei ofizial zeuden, eraginkortasun handiz lan egiten zuten eta denbora gutxian pieza perfektuak egiten zituzten. Gaur egun, berriz, bost ofizial besterik ez ditu”.

Hobekuntza teknologikoei buruzko kezkaren beste adibide bat 1775eko laburpenetan ageri dena da:

Leunketa entseguak aipatzen ditu, kobre eta sufrea nahastuz Ingalaterrako metal gorria egiten saiatu baitira. Baita ere adierazi du, aipatzen ez diren beste baliabideei esker, labana, eraztun, mendiko labana eta kortxo-kentzekoak primeran leuntzea lortu zela, horrenbesteraino, non bertako erosleek ez zuten sinisten pieza haiek Euskal Herrian eginda zeudenik.

Jarduera horiek guztiek eta armaduragintzak garrantzia handia izan zuten Tolosan eta inguruetan. Horren ondorioz, Tolosako Errege Armategia sortu zen. Bertan eskualde osoan forjatzen ziren arma zuri guztiak gordetzen ziren (2), eta Deba arroan egiten ziren su-armen osagarri ziren.

Handik aurrera, eskualdea baionetak era masiboan egiteagatik garrantzitsu bihurtu zen. Maisu baionetagileak gremiotan antolatzen ziren, eta piezak sutegietan lantzen zituzten, Tolosako burdinoletan eskuratzen zuten altzairu tiratua erabiliz. XVIII. mendeko dokumentuen arabera ondorioztatu daiteke, behin baionetak forjatu ondoren, gurpil hidraulikoek eragindako harearri handiz leuntzen zirela. Lan hori maisu-harri lantzaileek egiten zuten, eta jarraian, apaingileek apaintzen zituzten baionetak. XIX. mende bukaerarako, jarduera horiek garrantzia galdu zuten Oria eta Debako bailaretan

Baina labanagile ospetsuenak Baionakoak izan ziren, XVII. mende erdialdera baioneta asmatu baitzuten. Batzuen ustez, tresna horri Baionako labana esaten zitzaion hasiera batean, baina horri buruz desadostasun ugari dago.

 

(1) José Antonio Azpiazu Elorza. Sociedad y Vida Social Vasca en el siglo XVI, Mercaderes Guipuzcoanos

(2) Ramiro Larrañaga. Síntesis Histórica de la Armería Vasca., C.A.P, 1984.