Bergarako Mahoigileak

Bergarako oihalgintza usadioa, gutxienez XV. mendean hasi zen. Izan ere, 1497an, Errege Katolikoek “Bergarako oihalgileen” ordenantzak baieztatu zituzten, eta XVII. mendean, “Bergarakoa deritzon ohialak” ospe handia zuen. Baina 1846an hasi zen jarduera horretan benetako garrantzia hartzen. Urte hartan, Jose Julian Blanc, Bergaran bizi zen aragoar merkataria, Frois eta Silva baionatarrekin elkartu eta Fabrica de Hilador y Tejidos de Vergara enpresa sortu zuten. Gaur egun, enpresa horrek Algodonera San Antonio SA Tavex izena du.

1841ean, aduanak Ebro ibaitik Pirinioetara aldatu zirenean, Espainiako merkatura baldintza ezin hobetan sartu zirenez, Euskal Herrian hainbat industria-ekimen garatu ziren, besteak beste aipatutako lantegiarena, hasiera-hasieratik hariak, oihalak eta kotoizko estanpazioak egiten zituzten. Kotoia lehengai exotikoa zen, eta Europan ez zen XVIII. mende amaiera arte zabaldu. Hala ere, berehala hedatu zen lehengai horren erabilera, oso erosoa eta garbia baitzen.

Jose Luis Lopez eta Jose E. Perallonek El mundo azul de Tavex (1) lanean azaltzen dutenez, enpresa oso azkar garatu zen, eta 1860an 500 langile zituen: 109 harigintzan, 189 oihalgintzan, eta 203 zuriketa, tindaketa eta estanpazioan. Liburu hori enpresak berak argitaratu zuen 150. urteurrena ospatzeko, eta bertan enpresaren historia bikain azaltzen da. Lantegian Deba ibaiaren energia hidraulikoa eta lurrin makinak erabiltzen zituzten: “ehun eta berrogeita hamalau makina zituzten kotoia prestatu eta kardatzeko, hogeita zortzi iruteko makina eta ehun eta hirurogei eta lau ehundegi”. Horrez gain, “zuriketa, tindaketa eta estanpazio sail bat ere bazegoen".

Garai hartan, egile berberen arabera, lantegian ordurako mahoiak ere egiten ziren (kotoizko oihal gogor eta freskoak, Txinako Nankin hirian asmatu zirenak). Estimu handikoak izango ziren horrelako oihalak, “inork ez baitzituen lantegi horrek bezain oihal urdin onak egiten". Hori zela eta, Bergaran oihalak urdinez tindatzen aritzen ziren hainbat enpresa finkatu ziren. Horren ondorioz, mahoi urdinean espezializaturiko oihalgintza industria garatzen joan zen Bergaran, eta industria eta mahoia horrenbesteraino parekatzen zirenez, azkenean "Bergarako urdina" izenaz ezagutzen da gaur egun. Mahoia kotoizko oihal bat da, urdin ilun berezi batekin tindatua. Kolore horren koloratzaile nagusia Indiako anil bat zen, indigo izeneko landare baten hosto eta adarrekin egiten zena. Oihal hori laneko arropa egiteko erabiltzen zen, eta 1888an urteko 17,000 egiten ziren.

XX. mendearen hasierarekin batera, mahoiaren kontsumoa handitzen joan zen, eta 1920ko hamarkadan, oraindik horretan jarduten ziren enpresa berriak sortzen ziren, eta denak elkarren lehian ibiltzen ziren. Katalunian kokatuta zeuden beste lantegi batzuk lehia horretan sartzen saiatu ziren, baina arrazoi ezberdinen ondorioz, ezin izan zuten "bergarako urdina" kolore-tonu bereizgarria lortu.

Gerra osteko industrializazioaren ondorioz, eskaria handitu egin zen, eta  Espainia osoan ekoizten ziren laneko arropen % 90 Bergaran ekoiztera iritsi ziren. 1970 inguruan 16 ehungintza-enpresa zeuden Bergaran, eta guztira 2000 langile ziren, emakumeak gehienbat.

Algodonera de San AntonioAlgodonera de San Antonio fabrika, XIX. mende bukaeran (Album geográfico descriptivo del País Vascongado, 1914-1915).

 

(1) El mundo azul de Tavex.  Jose E. Perallon eta Jose Luis López Tavex argitaletxea, 1996.