Lan baldintzak

1919 inguruan, lanaldia 13 ordukoa zen, baina urte hartan, langileek greba bat egin zuten lanaldia gutxitzearen alde, eta ondorioz, 10 ordutara murriztu zen, soldata berarekin.

Irute eta ehundegiko lanak baldintza nahiko onetan egiten ziren garai hartarako. Hala ere, irundegian kotoi zuntz txiki asko egoten zen airean. Oso lan istripu gutxi gertatzen ziren, eta gehienetan bi edo hiru txandatan egiten zen lan. 1940 eta 1950eko hamarkadetan, irundegian eguneko zortzi orduko bi txanda zatitutan egiten zen lan. Lehen txandako lehen zatia goizeko seietatik hamarrak arte zen, eta bigarren zatia arratsaldeko ordu-bietatik seiak arte. Bigarren txanda goizeko hamarretatik arratsaldeko ordu-bietara eta arratsaldeko seietatik gaueko hamarretara izaten zen. Tindategiko giroa heze samarra eta usain txarrekoa izaten zenez, zatitu gabeko txandetan egiten zen lan.

Emakumeen soldata gizonezkoena baino askoz ere apalagoa zen. XIX. mende bukaeran, arduradun batek 9 erreal irabazten zituen eguneko, eta ehuntzaile batek, 7 erreal. 1905ean, ehungintzako ataleko emakume batek 12 pezeta irabazten zituen hilabeteko.

Oro har, soldatak burdingintzaren industriakoak baino baxuagoak izan dira beti. Iraztatzaileek eta ehunlariek askotan primen arabera egiten zuten lan, hau da, egindako oihal metro kopuruan arabera ordaintzen zitzaien. 1950 inguruan ondo irabazten zutela jotzen zen.

1892an, gizonen eta emakumeen arteko elkarbizitzak zuzendaritzakoak kezkatzen omen zituen. Izan ere, lanaldia amaitzean, emakumeak gizonak baino bost minutu lehenago irtetea agindu zuten.

Garai berean, titiko umeei jaten emateko gela bat ere jarri zuten lantegian, horrela amak haurrei titia han bertan emateko.

Gaur egun hain aipatuak diren ingurumen-arazoak berehala agertu ziren garai hartan ere. 1893an, arropa garbitzaileak kexu ziren, lantegiak “ibaiko ura zikintzen zuelako”, eta garai hartan beste irtenbiderik ez zegoenez, isurketak gauetan bakarrik egitea adostu zen.

Gaur egun, Bergara oraindik ere laneko arropa ekoizten duen gune garrantzitsua da. Ia ez da oihalik ehuntzen, baina oraindik tindaketa prozesuak egiten dira. Hala ere, 1960ko hamarkadan erabiltzen ziren prozesu luze eta neketsu haietatik, gauzak asko aldatu dira.

abarketako lokarriak fabrikatzenBesteak beste, abarketako lokarriak fabrikatzen, Azkoitiko Epelde, Larrañaga y Cia fabrikan. Aurrealdean mutil batzuk ikus daitezke (Album geográfico descriptivo del País Vascongado. 1914-1915).

 

Iturri nagusiak

  • Javier Echevarria Ituiño.
  • Carmelo Martinez Udaber. (ehungintza eta tindaketa).
  • Carmelo Lazcano. (ehungintza).
  • Natalio Juaristi. (tindaketa).