Langileak

XIX. mende hasierarako, emakumeak Bergarako ehungintza-industriako langileriaren atal garrantzitsua ziren. Kotoia kardatu, irazkitu eta ehuntzea emakumeek bakarrik egiten zuten lanak ziren, seguru asko esku-trebetasun handiagoa behar baitzen.

Ehungintzako atalean mutikoak, eta irute atalean, berriz, neskatoak oso talde garrantzitsuak ziren. 1892an, gaur egun Algodonera de San Antonio den enpresak, guztira 165 langile zituen, eta horietatik 40 eskola-adinean zeuden adingabeak ziren, askotan lanaldi erdia lantegian eta beste erdia eskolan egiten zituztenak. Batzuetan, gizonak baino emakume eta ume gehiago izaten ziren lantegietan.

Nahi ziren kolore eta tonuak lortzeko, funtsezkoa zen tindu-nahasketak egitea. Lantegia sortu zenetik, Fabrica de Hilados y Tejidos de Vergaran tindugintzari garrantzi handia eman zitzaion, eta kimikari batek zuzendutako laborategiak zituzten bertan koloreen analisi eta prestakuntzak egiteko.

Algodonera de San Antonioko ereduaAlgodonera de San Antonioko eredua, 1898. El Mundo Azul de Tavex. Jose E. Perallon eta Jose Luis López.

XIX. mendean zehar, batez ere lehen hamarkadetan, eskulan espezializatu eta ehungintza-teknikari gabezi handia zegoen Bergaran, eta horregatik atzerrian bilatzen ziren langile horiek.

1860 aldera, estanpazio eta tindaketa ataletako teknikari gehienak, baita “kimikoak, grabatzaileak, tindaketa-kontramaisuak, perrotina eta inprimaketa arduradunak” atzerritarrak ziren “ezin baitziren herrialdean bertan aurkitu”. Hala ere, irute eta ehuteko ataletan, langile guztiak herrikoak izaten ziren.

Geroago, 1890 aldera, estanpazio atalerako teknikari eta erroilulari katalanen bila ibili ziren, “langile espezializatuak behar baitira eta horiek ezin baitira Euskal Herrian topatu”. Enpresako zuzendaritzak “Bergaratarrak lan horiek egiteko ez zeudela prestatuak” adierazi zuen. Dirudienez, langileak ez ziren liskartiak, eta lanerako gogoa izaten zuten; baina ehungintzan zuten prestakuntza eskasa izaten zen.

Tinduak “kolore sukaldean” egiten ziren, lurrinez berotutako galdaratan.  XIX. mendeko azken bi hamarkadetan, tindategiak kimikariaren esku jarraitzen zuren, eta geroago sortu ziren beste lantegi batzuek ere horrelako teknikari kualifikatu bat izaten zuten. XX. mendean zehar, beste enpresa batzuetan, tindategiko arduradunek tinduak egiteko formulak jasotzen zituzten, idatzita. Formula horiek urtetako eskarmentuaren bidez lortutakoak ziren, askotan tindu fabrikatzaileen gomendioen laguntzarekin, eta formula horiek lantegi bakoitzean ondo gordetzen ziren. Arduradunek langile bati ematen zizkieten argibideak, eta horiek tinduak pertza batean prestatzen zituen. Osagaien kantitateak ez baziren ondo neurtzen, ez zen kolore tonu bera lortzen. Hori ikusi ahal izateko, bi oihal pusken kolorea konparatzen zen, bata bestearen ondoan jarrita.

Bergarako urdina” kolorea, bere bi bertsioetan, bai mahoi eta azulinan, oso zaila zen imitatzen, eta ondorioz, erabiltzen zen urean zegoela sekretua pentsatzera iritsi ziren, nahiz eta ideia horrek inolako oinarririk ez izan. Seguru asko Bergarako lantegietan berehala laborategi nahiz kimikariekin lanean hasi zirelako izango zen, eta geroago lantegi horietan trebatzen ziren langileek gaitasun handia zutelako.

Algodonera de San Antonioko ereduaAlgodonera de San Antonioko eredua, 1898. El Mundo Azul de Tavex. Jose E. Perallon eta Jose Luis López.

Nahiz eta Bergarako ehungintza industriak garrantzi handia izan, ez zen arlo horretako eskolarik egon, udalak 1905ean sortu zuen Grabatu-eskola izan ezik. Bertan, ehunen estanpazio eta bestelako profesionalak trebatzen ziren. Beste irakaskuntza batzuk Oinarrizko Eskolan irakatsi ziren, gerra ostean.

XX. mendean zehar, emakumeek ehundegietako langileriaren atal garrantzitsua izaten jarraitzen zuten, batez ere ehungintzako atalean.

1940 edo 1950 aldera, emakume bakoitzak ehundegi baten ardura zuen. Makina ondo zebilela ziurtatzeaz gain, hariren bat puskatzen bazen, makina gelditu egin behar zuen, puskatutako hariari ehunlariaren korapiloa eskuz egin eta berriz ere lotzeko.

Halaber, behin bobina bat amaitzen zenean, bertako 2000 edo 2500 hariak hurrengo bobinako hariekin lortu behar ziren banan-banan korapilatuz. Lan hori egiteko ez zituzten bi ordu eta erdi baino gehiago behar izaten.

Garain berean, gizonezkoak izaten ziren lanpostu hauetan: maiordomoa, ataleko arduradun nagusia eta zuzendaritzaren menpean zegoena; arduraduna; makinak prest jartzen zituzten kontramaisuak eta kontramaisuen laguntzaileak, lau kontramaisu bakoitzeko; eta azkenik, kolatzailea, kola beti prest izaten zuena. Kola hori patata-fekulaz osatuta zegoen gehienbat. Haria eta zerrendak ehundu baino lehen, kola horrekin bustitzen ziren. Kolatzaileak, aipatutako lana egiteaz gain, oihalak lehortu ondoren hezetasunik ez zuela ere egiaztatu behar zuen. Oihalak tanbor berotik irtetean, hatzekin ikutzen zituen lehorrak zeudela egiaztatzeko.

Tindaketa atalean, langile guztiak gizonezkoak ziren, bai arduraduna baita gainontzeko langileak ere, pertza bakoitzeko bat. Langileek dena ondo zebilela ziurtatzen zuten, eta arrabolak edo bobinak behar zenean aldatzen zituzten, horrela oihalean tolesturarik ez sortzeko.

Maiordomo eta arduradunek beren aurrekoengandik ikasten zuten lanbidea. Hori urtetan zehar jardunean ikusita, eta eskarmentuari esker, lanbideari buruzko jakintza hobetzen zuten. Askotan, oso gazte hasten ziren lanean enpresan, eta arduradunek zeukaten ikasketa ahalmenaren arabera aukeratzen zituzten, gero postuz igotzeko.

LangileakEhungintzak langile askori ematen zien lana. Argazkian, 1914aren aurreko honetan, berrogeitik gora langile zenbatu daitezke (Album geográfico descriptivo del País Vascongado).