Beste ekoizle batzuk

Azaldu ditugun lantegi txiki horiekin batera, neurri handiagoko enpresak ere, bitarteko gehiago eta antolamendu maila desberdinekoak, aritu izan dira gure herrialdean artazien ekoizpenean.

Lantegi horietako bat Palmera izeneko da, 1931. urtetik Irunen kokatuta egon dena, Juan Wollmer sortzailea, jatorriz alemaniarra, Palmera marka izenarekin bizarra mozteko xaflak ekoizten hasi zenetik. Izendapen horrek Solingen hirian du sorburua, hain zuzen ere, hainbat mende lehenagotik aiztogintzako industriagatik nabarmentzen zen hiria eta 1864. urtean erregistroan jaso zuten izendapen hori.

1940. urte inguruan produktu gama zabaldu eta manikurako osagaiak, aiztoak eta artaziak egiten hasi ziren. Hurrengo urtean eskuzko tresnak eta mahai tresneria ere ekoizten zuten eta 1952. urtetik aurrera, Juan Wollmer S.A. merkatu izenarekin, artaziak eta erremintak ekoizteari eman zioten lehentasuna. Lantegi horretan 1.200 langile inguru aritzen ziren 1975. urte aldera eta, horietarik, 120 artaziak fabrikatzen zituzten beren-beregi, 5.000 eta 5.500 ale inguru ekoizten zituztelarik eguneko, eta merkatuan ohikoak ziren mota guztietakoak.

Ekoizpen bolumen hori izanda ere, eskuzkoa zen, gehienbat, egiten zen prozesua eta, horregatik, ekoitzitako artazien kalitatea langileen trebetasunaren, esperientziaren eta ezagupen praktikoen esku geratzen zen. “Benetako artisau lana” zen, langileen lana ondo ezagutzen zuen pertsona baten iritzian; izan ere, beren lan sistema eta garai hartako lantegi txikietan ematen zena oso antzekoak ziren.

Palmera etxean bazuten estanpazko forjaketa egiteaz arduratzen zen atala eta bertan egiten zituzten piezak gordinean forjatzeko lehengo eragiketak; artazientzako lehengaia erabiltzen zuten, karbono eduki erdia zutenak altzairuzko barrak, gordinean. 40. hamarkadan ikatzezko labean berotzen zen material hori, eta gabi ardatzaren bidez ingude zapal baten gainean emandako kolpeen bidez, lehenengo itxurapen bat egiten zitzaion -forja librea esaten zitzaiona- eta, berehala, forjazko mailuekin behin betiko forma estanpatzen zen. Forja teknika konbinatu hori oso ohikoa zen garai hartako euskal herriko industrian eta mota guztietako piezak ekoizteko erabili ohi zen.

XX. mendeko 40. eta 50. hamarkadetan erabiltzen ziren txirrikak, lehen azaldu dugunaren tankerako egurrezko diskoa izaten zuten, 40 eta 50 zentimetro bitartekoa, eta haren perimetroan lekedaz itsasten zuten are urratzailea. Egunero egin behar izaten zen eginkizun hori, lanaldia bukatzerakoan, hain zuzen ere, egunean zehar egindako lanaren ondorioz eroritako aleak ordezkatzeko.

Askotan, eta artazi piezaren azalerak kurbatuak izan behar zuenean, feltro gogorrezko txirrikak erabiltzen zituzten; txirrikari ganibet txiki baten bidez forma kurbatu hori egiten zitzaion eta, lehen ere azaldu dugun eran, are urratzailea itsatsi.

Artazi xaflari forma kurbatua edo sabeldua emateko, azalera kurbatu xamarra zuen altzairu bloke baten gainean jartzen zuen langileak eta esku mailuarekin jotzen zion xaflari eta, segidan, emaitza ona ote zen ikusi.

Artazi pieza guztia tenplatu ordez, sorbatzarekin baino ez zen egiten eragiketa hori; horretarako, artaziaren begiak zeharkatzen zituen uztai batetik zintzilik, upel itxurako gatz bainuzko labean sartuko zen alderdi hori, eta, berehala, oliotara eramaten zituzten azkar hozteko. Piezek gogortasun bera hartzea komeni izaten zen eta, horretan ahalegintzen ziren; bestela, artazia maiz erabili ondoren, sorbatz gogorrenak higatu egingo zuen makalagoa zen bestea.

Lantegi txikietan bestela egin arren, Palmera industrian, artazi xafla biak elaborazio prozesuaren azken unera arte ez ziren batu edo muntatuko.

Xafla biak muntatzeko lana ere eskuz egiten zen eta horretaz arduratzen zen langileak artaziak banan-banan begiz aztertuko zituen eta bere ustean egin beharreko zuzenketa guztiak egin; baina, horretarako, praktika, trebetasuna eta zeregin hori arreta handiz burutzea beharrezkoak izaten ziren.

Eragiketa hori mahai gainean egiten zen eta doitzaileak, bere ondoan zuen harriz lantzeko makina txikiaren bidez, kendu egingo zuen egokitzat jotako alderdietan soberan ikusten zuen materiala; edo bere esperientziagatik zekienari jarraituz, artaziari puntu jakin batzuetan mailu kolpeak emango zizkion, emaitza ona izatea lortu arte. Hala eginez, bakarrik, lortuko zuten funtzionamendu on bat eta kalitatezko akabera ematea.

Artazi muntatzaileak benetako artisau espezialistatzat hartzen ziren. Artaziak muntatuta, trapuzko txirrika birakari batean distira ematen zitzaien eskuz.

Azkenean, egindako artazi guztien funtzionamendu frogatzen zen, banan-banan, oihal zati bat mozten. Ontzat ematen ez zirenak, muntatze mahaira bueltatzen ziren eta doitzailea eskuz konpontzeaz arduratuko zen, artaziak behar bezala zebiltzala ikusi arte.

1960-1962 inguruan, harriz lantzeko makina mekanikoak erabiltzen hasi ziren. Halakoetan, harri urratzaile birakari baten aurrean mugitzen zen mahai batean lotzen zen artazi xafla eta, hala, barrualdea nahiz kanpoaldea itxuratzen zitzaizkion. Makina horiek Alemanian ekoizten ziren, Berger etxearen eskutik.

Artaziak ekoizteko prozesua eskuz lantzen zenArtaziak ekoizteko prozesua eskuz lantzen zen, ia erabat; hein horretan, zorrozte lana ere eskuz egiten zen. (J.M.I.-ren argazkia)

Artazi muntatzaileak lan mahaianArtazi muntatzaileak lan mahaian. Palmera lantegian, 1950. urte inguruan. (Herramientas Eurotools, S.A. etxeak emandako argazkia)

Ebakera onekoak direla egiaztatzenEbakera onekoak direla egiaztatzen. Palmera lantegian, 1950. urte inguruan. (Herramientas Eurotools, S.A. etxeak emandako argazkia)

Publizitatea

Publizitatea

Hasieran, magnesitazko harri urratzaileak erabiltzen ziren, baina horien bidez pieza oso modu irregularrean urratzen zenez, aglomeratzaile sintetikoz egindakoez ordezkatu zituzten, emaitza homogeneoagoa bideratzen zutelako. 1950 inguruan, higaduraren gaineko kontrola zuten harriz lantzeko makinak erabiltzen hasi ziren eta, horien bidez, kalitateak eta ekoizpenak gora egin zuen.

Artazi xaflak berotan forjatzeko prozesuan egin diren hobekuntzei esker -izan ere, erregaitzat ikatza erabiltzetik, gutxika, fuela, gasa eta argindarra erabiltzera igaro ziren- artazien azalerak akabera hobeaz eta neurrian doitasun handiagoz egin ahal izan dira. Hori dela eta, forjatzearen ondorengo akaberak emateko eskuz egin beharreko lana murriztu egin da. Berrikuntza guzti horiekin, eskuz egiten ziren eginkizun gehienak ordezkatuz joan dira, egiteko errazenak baino ez direla eskuz burutzen.

Debako arroako lantegietan gertatzen zenaren antzera, lanean hasi berri zen langileak ez zuen lanbide horren gaineko ezagutzarik eta, eskulanerako, batez ere, zuen trebetasunaren eta ikasteko agertzen zuen gogoaren arabera, eginkizun ezberdinak bere gain hartuz joango zen.

Aurreko mendeko 50. hamarkadan langile gehienak inguruetako baserrietakoak izaten ziren; baita ere, Hondarribiko arrantzaleak, lehorrean lan egitea nahiago zutenean. 60. hamarkadatik aurrera, Galizia, Gaztela eta Extremadurako etorkin asko ere aritu ziren, industrian lan eginez beren bizi baldintzak hobetzeko itxaropena zutenak.

Gaur egun ere, Palmera etxeak ekoitzitako artaziek itzal handia dute Espainiako merkatuan, altzairu tradizionalez egindako artazi profesionala kontsumoan behera egiten ari den produktua izan arren.

 

Informatzaile adierazgarrienak

  • José Antonio Aspiazu
  • Luis Maria Azpiri
  • Gregorio Balanzategui
  • Víctor Arizmendi
  • Alfredo Azkarraga
  • Jesús Lekube
  • Antonio López

 

Biografia eta erreferentziak

  • Anuario Electro-Sidero-Metalúrgico de la Industria Española. 1944.
  • La Industria Guipuzcoana del Valle del Deba.
  • Guipúzcoa en la Mano. Anuario General de toda la Provincia. 1954.
  • Catalogo de imagen Palmera. 1975.
  • La Labranza y Transformación Artesanal del Hierro en Taramundi y Los Oscos. Siglos XVI-XXI. Pablo Quintana Lopez. Ed. Asociación “Os Castros” de Taramundi. 2005.