BESTE GARAI BATEKO PILOTAREN EZAUGARRIAK ETA EGITEKO PROZESUA

Aditu gehienak bat datoz, esaten dutelarik bote luzea dela Euskal Pilotako jokorik zaharrena; dirudienez, euskal artzainak horretan aritzen ziren, pilota zuzenean botaz batzuek besteei pilota-soro deituetan (mendiko zelai edo soilguneak ziren, pilotan jokatzeko egokiak). Diotenez, eskura zeuzkaten elementuekin egiten zituzten pilotak, belar-gelatinak, pago-enborretako onddoak, artilea, ahuntz-larruak eta abar erabil zitzaketen eta.

Antzina, konta ezindako material pila erabiltzen zuten pilotagileek pilotak egiteko, esaterako iztupa, artilea, ahuntz-ilea, txakur-ilea, zapiak, pagoetako onddoak, landare-gelatinak, itsasoko algak, animalien hesteak, ahuntz- eta ahari-larruak, etab.

Baina eraldaketa berritzaileen eta garrantzitsuena XIX. mendearen erdialdean etorri zen, kiskia, hau da, pilotaren muina egiteko kautxua erabiltzen hasi zirenean. Harrezkero pilotak txikiagoak izan ziren, arinago eta biziagoak, eta ezaugarri horiek lagundu egin zuten plekako jokoa, hau da, zeharkako jokoa behin betiko ezartzen eta hedatzen.

Antonio Peña Goñi donostiarrak, musika konpositore eta kritikaria eta pilotazale amorratua bera, bere “La pelota y los pelotaris” obran honakoa idatzi zuen 1892an:

“Plekako joko modernoan erabiltzen diren pilotak goma, hari eta larruzkoak dira, eta pisuan, berriz, arauzko pilotatzat har daitezkeenek, 120 gramo egiten dituzte; pilota bakoitzak lau-bost pezeta balio ditu. Egikera zeharo delikatua da, eta aparteko maisutasuna behar da. Horregatik, Iruñeko Modesto Sainz pilotagileak du monopolioa, berdinak, biziak eta erresistentzia handikoak egiten dituelako, eta Espainiako eta Hego Amerikako pilotaleku gehienak hornitzen ditu.

Pilotek 84 gramo goma, bi larru eta arauzko pisua osatu arteko harizko geruza bat daramatzate: eraikuntzaren zailtasuna goma akasgabe banatzean, hariak estaltzen duen hutsunean, eta larruen gogortasun eta ehunduran dago. Pilota batek, ona izango bada, bote garbi eta zuzena izan behar du, desbideratze bat-batekorik gabe, zarata lehor eta argia egin behar du, eta natural eta bizi atera behar du paretatik.

Modesto Sainzen ondotik badira Bilboko Ibarrako pilotak, bikainak horiek ere, eta Zumaiakoak, guztien artean bizienak direnak berak”.

Peña Goñik, bere laneko kapitulu batean zehar, zehaztasun osoz segitzen du pilota berrien eta “El Juego Moderno” esaten dionaren ezaugarriak azaltzen.

Argazkia: Javier Carballo(Argazkia: Javier Carballo)

Pilotagileei buruz ari dela, Blazy abadeak, bere “La Pelote Basque” lanean, honakoa diosku 1929an:

“Esan dezakegu euskaldun guztiek dakitela pilotak egiten; haurrek egiten dituzte, gazteek eta helduek (...) Herri guztietan dago pilotagile gaitu bat (...) gero profesionalak daude, eta horiengana jotzen dute trinket eta pilotalekuetako arduradunek, eta baita jokalari handiek ere. Baina horietako bakoitzak bere espezialitatea du, eta baita bere sekretua ere ezen, diotenez, gomaren kalitatean, artilearen kalitatean edo bataren eta bestearen arteko proportzioetan baitatza, edo horiek manipulatzeko moduan (...)”.

Blazyk bere garaiko pilotagile ezagunenak aipatzen ditu: Hazparneko Ade, Biarritzeko Claverie, Anhauzeko Etcheverry, Baionako Hermanos González, Baionako Mendiague, Kanboko Martínez, Getariako Maisonave, Hendaiako Minondo, Donostiako Herrena, Bilboko Ibarra eta Iruñeko Modesto Sainz. Bombínek Okarizen izena eransten die hemen aipatuei.

Pilotalekuak direnetik, udalek eta enpresek pertsona bat izaten dute instalazio hori zaindu eta administratzeko. Pertsona hori kantxa-zaina da. Antzina, kantxa-zainek egiten eta konpontzen zituzten pilotalekuko erabiltzaileentzako pilotak.  

Oso gauza zaila da pilotagile bakoitzak egiten zituen pilota motak zehaztea, izan ere gehienak ez ziren eskurako edo erremintarako pilotetan espezializatu; hala, eskuz edo erremintaz jokatzeko pilotak egin zitzaketen, eta haur, jubenil eta heldu kategorietarakoak halaber.

Gure aldetik, eta izen asko aipatzeke uzteko arriskuaz bada ere, ezagutu ditugun edo aipamenen bat jaso dugun pilotagileen zerrenda emango dugu ondoren. Den-denak kalitate handiko pilotagiletzat hartuak izan dira. Horien gaineko ikerkuntzaren zailtasunak direla eta, zerrendak ez dio kronologiako ordena zehatz bati jarraitzen.

(Argazkia: Javier Carballo)(Argazkia: Javier Carballo)

  • Jose Maria Larrañaga Agirre, “Txikito III.a”, Azkoitikoa, 1902. Jose Joaquinen, “Azkoitiko Txikito” handiaren anaia zen. Eskuzko eta sareko pilotak.
  • Eugenio Juaristi Mendizabal, “Atano”, Azkoitikoa. Mariano “Atano III.a”, Marcelino “Atano IV.a” eta Jose Maria “Atano VII.a” pilotari handien anaia. Esku huskako pilotak.
  • Juan Zubizarreta, Azkoitikoa. Baionan finkatua. Horren seme Ignazio eta Juanek aitaren lanbidearekin segitu zuten. Esku huskako eta erremintarako pilotak.
  • Jose Maria Zubizarreta, Azkoitikoa, eta emaztea. Irunen bizi ziren. Juan Zubizarretaren anaia zen. Irungo Uranzu pilotalekuko kantxa-zaina izan zen. Semeak lanbidearekin segitu zuen. Esku huskako eta erremintarako pilotak.
  • Maria Angeles Larrañaga Zubizarreta, “Xagua”, Azkoitikoa. Baiona eta Irungo Zubizarreta anaien iloba zen. Senarrak, Angel Guenbek, lagundu egiten zion eginkizunean. Esku huskako pilotak.
  • Elizondo, Tolosakoa. Beotibar pilotalekuko kantxa-zaina zen, eta esku huskako pilotak egiten zituen.
  • Jesus Etxeberria Arabaolaza, Arrasatekoa. Arrasateko Santiago “Ezkerra”ren anaia. Esku huskako pilotak.
  • Jose Maria Sánchez, Arrasatekoa. Santiago Etxeberria Arabaolaza “Arrasateko ezkerra” pilotariaren koinatua zen. Esku huskako pilotak.
  • Gabriel Alonso, “Fábrica de pelotas para frontón”, Madrilgoa. Palako eta pala motzeko pilotak. Ignacio eta Emilio Rodríguez bilobek, puntista afizionatuak ziren, lanbidearekin segitu zuten. Palako eta zesta puntako pilotak.
  • Cipriano Ruiz, Zugaztietakoa (Bizkaia). Meatzari herriko bizargina eta, aldi berean, pilotalekuko kantxa-zaina zen, eta bertan hasi zen pilotak egiten. Seme Ciprianok, esku huskako eta palako pilotari profesionala bera, pilotari lanbidearekin segitu zuen Barakaldoko pilotalekuan, eta geroago Sestaoko Las Llanas-ekoan. Semeek, hirugarren Cipriano Ruiz “Pitxu” eta honen anaia Robertok, pilotagintzako erreleboa hartu zuten, eta 2015 arte eutsi diote lanbideari. Esku huskako pilotak.
  • Antonio López San Miguel, “Antonio el de Medrano”, Errioxa. 2004ko urtean Mexikora jo zuen, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioak gonbidatuta, herrialde hartan pilotagintza erakusteko. Esku huskako pilotak.
  • Jose Manuel Morales, Tolosakoa. Esku huskako eta erremintarako pilotak.
  • Prudencio Jauregi, Lazkaokoa. Esku huskako pilotak.
  • Juanito Etxabe, Zumaiakoa. Esku huskako Bibiano “Etxabe IX.a”, Jose Mari “Etxabe X.a” eta Carmelo “Etxabe I.a” pilotarien anaia zen. Esku huskako pilotak.
  • Madinabeitia, Bergarakoa. Esku huskako pilotak.
  • Juan Sanz, Zangotzakoa, Iruñean bizi zena. Esku huskako pilotak.
  • Jeremías Pérez, Urretxukoa, Anoetan (Gipuzkoa) finkatua. Palari afizionatu ohia. Tolosako Jose Manuel Morales eskulangile pilotagilearen eskutik ikasi zuen lanbidea. Esku huskako eta erremintarako pilotak.
  • Jose Maria Sacristán, Barakaldokoa. Esku huskako pilotak.
  • Pako Fernandez de Arroiabe, Elorriokoa (Bizkaia). Esku huskako pilotak.
  • Anibal eta Millan (Kuba), bakoitza bere aldetik eta garai desberdinetan, Amerikako pilotalekuetarako zesta puntako pilota fabrikatzaile bi izan ziren.
  • Justo Oiartzabal, Donostiakoa, Quezon Cityn (Filipinak) finkatua. Zesta puntako pilotari profesional ohia. Zesta punta eta erremonteko pilotetarako kiski fabrikatzaile nagusia izan da. Amerikako pilotalekuetarako hornitzailea ere izan da Oiartzabal. “Euskal Jai Galarreta” enpresaren pilotetarako kiskiei Rosa Manterola donostiarrak jartzen zien hari-geruza, larru biak jostearekin batera. Gaur egun, erremonteko “Oriamendi 2010” enpresak, Galarreta pilotalekuan kokatuak, bere pilotak egiten ditu.

(Argazkia: Javier Carballo)(Argazkia: Javier Carballo)