Bilbo

Bilbon ontzi pila bat hiri erdiraino iristen zen, eta kasu batzuetan Deustuko eta Udaletxeko zubiak igaro behar izaten zituzten Abando, Txurruka eta Uribitarteko nasetan atrakatzeko; ontzi hauen nabigazioak eten egiten zuen lehorreko trafikoa, zubiak altxatu behar izaten zituzten eta.

Mundu mailan beste ibai-portu askotan gertatzen ari zen moduan, Bilboko itsas trafikoak pixkanaka-pixkanaka itsasorantz jo behar izan zuen, gero eta zabalagoa egiten ari zen hiriaren presioaren eraginez. Lehen-lehenik Deustuko kanala zabaldu zuten behin betiko, eta gero nasa berriak eraiki zituzten Santurtzin, Abra barnean. Geroago, kanpoaldean, Luzero lurmuturreko dikea eraiki zuten, eta honen babesean hasi zen Superportua, hainbat pantalanez; horietan atrakatuko zuten super-andelek, Somorrostron sortu berriko birfindegia hornituko zutenek, eta honen produktu birfinduak garraiatuko zituzten petroliontziek.

Instalazio berriekin gora egingo zuten tramp ontzietako operadoreen zein nazioarteko kabotajeko linea erregularretako zein ozeano-artekoetako operadoreen eskariek; hauek, lan bolumen handiagoa eragiteaz gain, zamalanak gero eta bizkorrago egin beharra ekarri zuten. Bilboko zamaketariek egoera berrietara moldatu behar izan zuten, ez soilik langile kopuru handiago bat jarriz, baizik eta baita langile hauen espezializazioari dagokienez ere.

Ikatza deskargatzen Bilboko itsasadarreanIkatza deskargatzen Bilboko itsasadarrean. Euskal Museoaren Agiritegia.