Bitartekoak

Landerrek ongi hornitutako tailer zabala du. Besteak beste ondorengo makinak ditu: trontza, marrusketa, hainbat motatako zerrak (nagusiki zintakoa eta atzera aurrerakoa), zutabeko zulagailua, elektro-esmerila, eta tornua. Dena dela esku lana oraindik ere funtsezkoa da. Tailerrak dituen leiho zabalei esker behar den argi naturala sartzen da. Aipatutako tresneriaz gain tailerrean zenbait mahai daude, bertan maisuak tailaren lan orokorra eta espezifikoa egiteko, eta erremintak eta marrazkiak uzteko apal eta tiradera ugari ere. Era beran, liburutegi espezializatua du eskura.

Tailagileek hainbat forma eta neurritako tresnak erabiltzen dituzte. Oso garrantzitsuak dira lanerako eta batez ere honakoak izaten dira: gubiak, zizela, mailua, konpasak, eskuairak, arraspak, zur zizelak eta ahoak. Horiei zeregin zehatzetarako erabiltzen diren beste tresna espezifiko batzuk gehitu behar zaizkie. Erreminta horietako batzuk lehenaldian erabili izan dira eta Lander Urkiak berak berreskuratu ditu, edo berak propio eginak dira.