Bitartekoak

Arriagatarrek bi lantegi handi dauzkate Markina-Xemeinen, kale banatan. Lehen lantegia salmentarako erabiltzen dute batez ere, eta bigarren lantegia bitarteko mekaniko zenbaitez daukate hornituta; hala eta guztiz, eskulangintzako jarduera izaten segitzen du.

Kutxak egiteko oinarrizko materiala zura da, eta zuren artean erabiliena gaztaina da, argizaiolen kasuan bezalaxe, Nafarroako haritza eta pagoa ere maila apalago batean erabiltzen diren arren; horretan zerikusia izan zuen Gipuzkoa eta Bizkaian gaztainondoak ugari izateak.

Lanabesak, forma eta neurri desberdinekoak, ohiz erabiltzen ziren berberak dira egun, ezpelezko kirtenez hornituak eta izugarri garrantzitsuak lan txukuna egiteko; batez ere gubiak, trintxak, konpasak, eskuairak, arraspak, eskoploak eta hortzak izaten dira, garai batean errementari espezializatuek eginak eta gaur egun Suedia eta Erresuma Batutik ekarriak. Zurmailua, garai batean, arte-zurezkoa izaten zen, eta gaur egun kasu askotan letoizkoa.  Tresna berezi batzuk ere izaten dira lan jakin batzuetarako.