Bitxigileak

Gizaldiaren lehendabiziko garaietan, zegoeneko, gizakiak dekoraziorako artikuluak erabiltzen hasiak ziren. Hasiera batean landu gabe egiten zituzten, itxura edo kolorearengatik deigarrien gertatzen zitzaizkien produktu mineral edo animalienak erabilita, beste hainbaten artean lumak, hortzak eta maskorrak, esate baterako. Denbora joan ahala, ordea, herri aurreratuenak harri eta metal preziatuekin hasi ziren fabrikatzen.

Bitxiak gorputzaren atal guztietara egokitzen joan ziren, eta horrela mota askotako bitxiak sortu ziren: besokoak, eraztunak, idunekoak, belarritakoak, kateak, gerrikoak, paparreko orratzak, orratzak, zintzilikariak, kateorratzak, itxigailuak eta diademak. Bitxien erabilera oso nabarmena izan zen Ekialdeko kultura handiko herrietan, eta are nabarmenagoa izan zen urrea lortu eta urtzeko teknika asmatu zenetik aurrera.

Bitxiak eboluzionatzen joan dira, eta herri bakoitzaren moda eta kulturara egokitu dira. Gizonezko nahiz emakumezkoek erabili dituzte bitxiak haien itxura edertzeko, baita aberastasun, aginte edo gizarte-mailaren erakusgarri gisara ere.

Erdi Aroan, Europan, bitxigintzak garrantzi nabarmena lortu zuen. XVI. mendearen bukaera aldean harribitxiak lantzen hasi ziren, eta Espainian Ameriketatik ekarritako metal nobleek bultzada handia eman zieten luxuzko arteei.

Gaur egun bitxi bat egiteak artista askoren lankidetza eskatzen du, hala nola marrazkigileak edo diseinugileak, urtzaileak, grabatzaileak, zizelkatzaileak, esmaltatzaileak, ezartzaileak eta bitxigileak.

Bitxigilea bitxiak egin edo saltzen dituen profesionala da. Hala ere, lan honetan lehenengo jardueraz baino ez gara arituko, eta zehazkiago bitxiak eskuz lantzen dituen espezialistaz, alegia, pieza bakarrak egiten dituenaz edo gutxitan errepikatzen dituenaz. Artista horiek, zenbaitetan jendearen eskariz egiten dute lan, eta beste batzuetan zuzenean saltzeko. Erreminta eta tresna xumeak erabilita ekarpen pertsonal handiko lanak egiten dituzte, askotan piezaren diseinu bera ere bai. Hori dela eta, artisauak direla esan daiteke, eta kasu askotan artistak.

Bitxiaren egile nagusiak dira eta gainontzeko artisauen lana koordinatzen dute. Kasu askotan, beren lanbideaz gain beste espezialitate bat edo gehiago menperatzen dute.

Lan egiteko nahikoa dute leku txiki bat bertan lan-mahaia eta hainbat makina txiki eta xume jartzeko. Hori dena gela batean koka daiteke, zenbaitetan etxean bertan, edo lantegi txiki batean. Sarritan, atarian jarritako plaka bat da beren jardueraren adierazgarri bakarra.

bitxigintzako tailerraXVIII. mendearen azken hereneko bitxigintzako tailerra L'Encyclopédie Diderot & d'Alembert-en arabera.