Ikasketak

Gaur egun badira bitxigintza ikasteko eskolak eta akademiak, materialen propietateak eta horiek lantzeko teknika ezberdinak ikasteko. Dena den, lanbidearen ezagutza ikasi eta benetan sakontzeko, etengabe lanean aritu behar da eta urteen poderioz  eta diseinu berriei beti aurre eginez ikasten da, eta teknika egokiak, askotan aurka jarriak gainera, ezagutu eta garatuta ikasten da.

Baina, bitxigile lanbidearen ikasketak baditu zailtasun bereziak, izan ere, erabiltzen diren materialak oso garestiak direnez, ez da erraza maisu batek ikaslearen hautsiak eta okerrak onartzea. Hori dela eta ez dizkio ardura handiko lanak utziko ikasleari eta ez dio  erantzukizun handirik emango.  Bada esaera bat aurrekoa zuzen-zuzen adierazten duena “ bitxigintza ikasteko harribitxi asko hautsi behar dira eta hori gurasoek baino ezin duten jasan".

Azken bi hamarkadetan, lanean ari diren bitxigile kopuruak murrizketa handia izan du, batez ere, industriaren ekoizpenak egiten dien konpetentziaren ondorioz. Horiek serie laburreko bitxiak eskaintzen dituzte, kalitate ertainekoak, bitxigile tradizionalek eskain dezaketen baino prezio baxuagoan. Tradiziokoek  diseinu eta elaborazio bakarrak eta pertsonalizatuak eskaintzen dituzte, baina eroslea ez ditu behar bezala baloratzen. Pertsonalizatze horrek eskulan espezializatuaren koste handiak jartzera behartzen ditu. Bitxigile artisauek ere industria bidez sortutako elementuak jartzen dizkiete askotan bere diseinuei.

XX. mendeko hirurogeiko eta hirurogeita hamarreko hamarkadetan, Bilbon, 20 edo 25 bitxigintza tailer baziren, horietako batzuk 20 artisau espezializatu izatera ere iritsi ziren. Gaur egun ez ditugu 6 edo 7 tailer baino gehiago, bakoitzean 2 edo 4 espezialista dituztela. Industria bidez egindako bitxiak nagusitu dira eta horiek ere denda espezializatuetan saltzen dira.

Era berean, gaur egungo bitxigile batzuk, industriaren konpetentziaren aurrean, eta dituzten ezagutzak aprobetxatuz, beraien bildumetarako prototipoak diseinatu eta egin ondoren, industriara bidaltzen dituzte serie txikietan ekoizteko, batez ere Asia aldeko herrietara (hango eskulana askoz ere merkeagoa delako), eta bertan tailer txiki bat mantentzen dute. Ekoizpen hori, berriz, dendetara bideratzen dute edo bere dendan saltzen dute.

Dena den, badirudi azken urte hauetan jarduera hau eta bitxigintza eskolak berreskuratzen ari direla. Badira Bartzelonan, Madrilen, eta Vigon,  besteak beste, eta ikasle kopurua gora doa. Donostian dugunak (Martutene), bi promozio atera ditu, eta hirugarrena bidean da. Bakoitzean hamabost ikasle dira, eta horietako askok bere tailerra edo denda jarri dute.