Tresnak

Usadioz, bizargin eta ile-apaintzaileek bizar-ontzi zuria zuten ikurtzat, eta bizargin-kirurgialariek, berriz, bizar-ontzi horia. Aurrerago, beste ikur batzuek aurrekoak ordeztu zituzten.

1771an argitaratutako liburu eder batek (Arte del barbero, peluquero-bañero) “bizarra kentzeko” erabiltzen ziren tresnak zehazki deskribatzen ditu. Oinarrizkoak honakoak ziren: eztainu edo portzelanazko ontzi bat, barnean xaboi puska bat zuena. Ura berotzeko kobrezko pitxer bat; kobrezko botila edo flasko bat,  kalean bizarra egin behar denean, ur beroa sakelan eraman ahal izateko; prestatuko larru puska bat, hau da, behi-larru uhal bat, egurrezko erregela baten gainean itsatsia eta hauts finez xurgatua. Horrez gain, labanak zorrozteko harria, xaboi zuri puska bat, labana itxi bat eta labana ireki bat.

Ilea mozteko, “Lanbidearen arauen arabera, ileari forma erregular bat ematea da, hau aurpegiarekin batera joan dadin”, tresna gutxiago behar dira, eta garrantzitsuenak guraize eta orrazi mota batzuk dira. Bai bizarra mozteko baita ilea mozteko ere, beharrezkoa da bi lanetarako moldatu daitekeen aulkia.

Julian Munduate, 83 urteko Ataundarra, 1930eko hamarkadan hasi zen jardunean bizargin eta ile-apaintzaileen munduan. Urteak joan hala, lanbidean erabili izan diren tresnak aldatzen joan zirela gogoratzen du, eta ondorioz, lanbidea gero eta errazagoa eta erosoagoa bihurtu zela.

Julian MunduateJulian Munduate, labana leuntzen, bizargin eta ile-apaintzaileek usadioz erabili izan dituzten tresnak ondoan dituela. (Argazkia Amaia Ros).