Blokeetako Harrobiak

Eraikuntzarako harriak lortu eta lantzearekin loturiko iraganeko hargintzaren jarduera ezberdinen betebehar zehatzak zehaztea ez da batere erraza, bere izaera ibiltaria dela medio eta, antzeko jarduera ezberdinetan ez bezala, gremioa osatu ez zutelako.

José Ángel Barrio eta José G. Moya Valgañónen lan bikainaren arabera , XV. eta XVIII. mendea bitartean ikastun-kontratuak beste lanbidetan ematen zirenen berdinak ziren: maisuak lanbidearen arte guztiak, ezer ezkutatu gabe, arreta handiz irakatsi beharko dizkio ikastunari, azken hau tailerrean egongo da finkatutako denbora guztian zehar eta, halaber, mantenu-, jantzi- eta ostatu-beharrak, soldata, holakorik balego, etab. zehazten ziren eta baita hartutako betebeharrak ez betetzeagatik sortzen ziren ardurak ere.

"Ateratzailearen" lana ezagutza gutxien eskatzen zuena zen harkaitzak haga, laztabin, falka, mailu eta pikatxoien laguntzarekin ateratzen baitziren. Bolbora bidezko leherketek eragozpen nabariak zituzten, hau da, beharginen arriskua, material erabilgarriaren errendimendu eskasa eta forma ezberdinetan ateratako harkaitzak berdintzeak zekarren koste handia.

"Arbastariaren" lanak gaitasun handiagoak eskatzen zituen: eskuzko erreminta gutxiren laguntzarekin (zizel, hargin-mailu, punta-zizel, etab.) behin betiko forma eman behar zien harkaitzei, lanetara bidali baino lehen. Zenbaitetan pertsona berak bi jarduerak betetzen zituen.

Harginak harria landu behar zuen, "laborari" ere deitzen zitzaion eta gure "arguiña" hitzaren baliokidea da. Eraikuntzan betetzen zuen funtsezko jarduera lanean bertan egiten zen eta zizel, eskuadra, erregela, trintxete eta eskota erabiltzen zituen. 1905. urtean Hargin (Laborari) Beharginen Elkarte Profesionala sortu zen Bilbon eta 52. artikuluak honela zioen: "Hautagaiek honako baldintzak beteko dituzte: katoliko, apostoliko eta erromatarra izatea nabarmenki eta ohitura txukunak mantentzea; hargin (laborari) gisa bi urtez lan egin izana eta distrituan sei hilabetez bizi izana, 45 urtetik beherakoa izatea. Behargin abilak izango dira (Zuzendaritza Batzordearen aburuz) eta gaitasun-ziurtagiria eskatuko da beharrezkotzat jotzen den guztietan".

"Erasketariak" materialak kokatzeaz arduratzen ziren eta ahuntz-hanka ezinbestekoa zen horretarako. Jarduera garrantzi handikoa zen, harria puskatzeak (bere akatsaren ondorioz) ekonomia-eragozpen handiak bai zekartzan.

Harri-blokeak ateratzea jarduera garrantzitsua izan da, mendetan zehar, Izarraizko mendigunean. Harrobi asko zeuden bertan, normalean irisgarritasun gutxiko lekuetan, eta ospetsuak ziren inguruko eraikin asko egiteko, Loiolako Santutegia barne, erabiliak izan diren beren marmol eta jaspeen kalitateagatik.

Eskuzko metodoak erabili dira harriak ateratzeko, laztabin, falka, borra eta palanken laguntzarekin, eta harriak berdintzeko punta-zizela eta hargin-mailuak erabiltzen ziren soilik.

Dibujo de cantero

DinamitariDinamitari / artilari bere lana burutzen 1905. urtean, Espainako Lehergai Batasunaren marrazkiaren arabera.

Eskuzko lanaEskuzko lana, gogorra dena, gure harrobietan eman da orain dela gutxira arte.

Gaztetatik hargin izan den Lasturreko Soarte baserriko Patxi Albizuren informazioari esker mende honen hasieran erabilitako ateratze-sistemak ezagutu ditugu.

Ateratze-jarduera garrantzitsua garatu da, hamarkadetan zehar, Debako Goltzibar baserriaren ondoan dagoen harrobi izenkidean, Azpeitiko mugatik gertu.

Lan-eremu berrian lanean hasteko sasi eta belarrak kentzen ziren, lurrarekin batera, harkaitza erabat garbi eta ikusgarri izan arte. Geroago lehenengo frontea irekitzen zen eta horretarako 40 mm-ko diametroa eta 2 cm-ko sakonera zuen zuloa (laztabin-zuloa) egiten zen harkaitzean laztabin, punta zorrotzeko haga zilindriko edo hexagonalaren laguntzarekin. Lorturiko zuloan bolbora sartu eta lurrarekin ixten zuten.

Leherketa lortzeko harginek eginiko metxa erabiltzen zuten; horretarako metro erdiko lahar-adarra moztu, alanbre baten laguntzaz muina, oso biguna, ateratzen zioten luzera guztian eta honela bolboraz bete eta su emango zioten hodi antzeko bat lortzen zuten.

Leherketak harkaitza puskatzen zuen eta berau kendu eta gero blokeak ateratzeko erabiliko zen lan-frontea irekita uzten zuen. Horretarako aurrekoaren berdina zen beste zulo bat egin, bolboraz bete eta modu berdinean lehertu egiten zuten, honela harkaitza behealdean puskatu eta zertxobait igotzen baitzen. Blokeak behin betirako bereizteko 2 cm-ko diametroko zulo bertikal ezberdinak egiten zituzten, laztabinen laguntzaz, 20 cm-ko distantziarekin bata eta bestearen artean.

Zulo-ilara guztia egin ondoren zuloak kare biziarekin bete, ura gehitu eta lurrarekin ixten zituzten. Karea eta uraren arteko erreakzioaren ondorioz presioa asko emendatzen zen eta 24 ordu igaro eta gero harkaitza zatitu eta banatzen zen. Halaber, zuloaren tamaina eta forma berbereko pago-zurezko makila luzeak erabiltzen zituzte: presiopean sartzen zituzten, geroago ura bota eta zura puzten zenez presioa gehiegi handitu eta harkaitza apurtzen zuen.

 

  • El modo de producción arquitectónico en los siglos XVII y XVIII. Kobie. Revista de Ciencias nQ 10/1980.