Bozelketa-zizelkatzea

Teknika horri esker, zilarrezko xafla fin bat atzeko aldetik zizel puntamotzekin kolpatuta, gain erliebea lortzen da. Izan ere, zizel horiek materiala deformatzen dute, baina ez dute mozten. Horrelako zizelek era guztietako ertzak izan ditzakete (borobila, eliptikoa etab estelakoak), eta tamaina askotakoak izan daitezke. Jarraian, gain erliebe hori aurreko aldetik lantzen da: ertzak, formak eta figurak nabarmentzen dira. Horretarako, eskuzko beranez gain, zizel berezi batzuk kolpatzen dituzte mailuarekin. Zizel horiek punta berezia dute, zapala edo konkaboa, eta gainera, txikiagoak dira.

Lehenbizi, zizelkatzaile-bozelatzaileak egin nahi duen irudia paperean marrazten du. Jarraian, ziri batekin, paper hori metalezko xaflaren atzeko aldean finkatzen du. Kolpe bidez marrazkiaren marra garrantzitsuenak kopiatu eta markatzen ditu, gero erreferentzia gisa erabiliko dituenak.

Gero, xafla berotu eta gainean bike geruza bat zabaltzen du (zizelkatzeko erabiltzen den bera) xaflaren atzeko aldean. Horren gainean, artisauak bozelatzeko zizela eta mailuarekin kolpeak ematen ditu. Ondorioz, xaflari barrunbeak egiten zaizkio (irtenguneak xaflaren beste aurpegian).

Kolpeak, leunak baina azkarrak dira, eta zizela ezkerreko eskuarekin bertikalean mantentzen duen bitartean, aldez aurretik markatutako lerroak jarraitzen ditu. Horrela nahi diren “bolumenak” lortzen ditu artisauak.

Etengabeko kolpeei esker, xafla deformatu eta gogortu egiten da. Ondorioz, beharrezkoa izaten da noizean behin pieza finkalekutik askatu eta berriz berotzea (pieza bakoitzeko 5 edo 6 aldiz). Horretarako soplete batekin ia gori-gori jarri arte berotzen da pieza.

Nahi diren bolumenak egin ondoren, artisauak xaflari buelta ematen dio, eta bikezko oinarri berean finkatzen du, bien artean tarterik gelditu ez dela ziurtatu ondoren. Jarraian, erliebea punta zapala edo konkaboa duten zizelekin lantzen du, materiala deformatzen dutenak, baina moztu gabe. Horrela ertzak eta bestelako formak nabarmentzen ditu. Gero, ezkerreko eskuan berana eta eskuinekoan mailua dituela, soberan dagoen metala mozten du.

Horrela, zilar gainazal osoari forma ematen dio, eta horrez gain ertz biziak, xehetasunak, formak eta irudiak egiten ditu. Lan horren bidez, zilarrezko xafla gauza ezberdin batean bihurtzen du.

Lan, erabat artisaua eta eskuzkoa da, eta horrez emaitza artisau bakoitzaren trebetasun eta eskarmentuaren araberakoa da. Artisau horrek, lan mahai aurrean eserita eta inklinatuta, egunak eta egunak pasa ditzake lan bat bukatu arte: plater apaingarri bat egiteko edo argazkiak jartzeko marko bat egiteko zortzi ordu inguru behar ditu; eta bitxiontzi bateko paretak egiteko edo antzeko zerbait egiteko, berriz, hiru edo lau aste.