Kontratuak

Egin beharreko lana garrantzizkoa zenean, kontratu bat izaten zen tarteko, burdin sarea ezarri beharreko herrian izenpetua. Bezeroak aurkeztutako traza (diseinua) onartzen zuen maisuak, eta segidan finkatzen ziren prezioa (hainbeste erreal burdin sare libra bakoitzeko), lana amaitzeko data, bere lekuan ezartzea eta ordainketa baldintzak.

Gehienetan, burdin saregileak diruaren zati bat kontratua izenpetzearekin batera jasotzen zuen, beste bat lana aski aurreratua zuenean, eta azkena, lana guztiz amaitutakoan. Halaber, fidatzaile edo bermeak aurkeztu behar izaten zituen, hitzartutako baldintzak betetzen ez bazituen erantzungo zutenak.

Burdin sareak gurditan eramaten zituzten, eta haiek ezarri behar zituzten maisuak eta ofizialeek oinez egiten zuten bidea, askotan hilabetetako txangoetan.

Bartolome Elorzak Azpeitiko parrokiako bataio harriaren burdin sarea egiteko 1703an onartutako kontratuan, ezartzen da balaustreak eta pilastrak eraiki behar zirela Juan Apeztegiak aurrez emandako soslai baten arabera, eta zilar txanpon bat eta erdia jasoko zuela burdin sarearen libra bakoitzeko. Era berean, landare irudiak, hornidurak eta erlaitza xaflazkoak zirenez, libra bakoitzeko 46 maraiko jasoko zituela xedatzen zen. Lana guztiz amaitu beharra zegoen 1704ko urtarrilaren azken egunerako.

Kokalekuaren neurria hartutakoan, zilarrezko 2000 erreal jasoko zituzten; lana amaitutakoan, 1400 erreal gehiago; eta gainerako guztia, 1705eko San Fermin egunean.

Parrokiak bere kargu hartzen zuen burdin sarea ezarri beharreko zuloak irekiko zituen harginaren kostua.

Antonio Elorzak Segoviako katedraleko koruko burdin sarea egiteko 1730ean izenpetutako beste kontratu batean, Gabriel de Esquivelek emandako diseinuaren eta jarraibideen arabera egin beharra zegoela ezartzen zen, bi urteko epeaz burdin sareak fabrikatzeko eta emateko Gasteizen, handik azken xedera garraiatuak izan zitezen.

Elorzak bere ofizialeekin Segoviara joan beharra zeukan burdin sareak behar ziren lekuan ezartzeko, bere kargu harturik joan-etorriaren eta egonaldiaren gastu guztiak.

Egin beharreko lanak handi samarra izan behar zuen, Elorzak lanaren zati bat Jose Iturriaga, Elgoibarko burdin saregileari azpikontratatu baitzion.

Halaber, burdin saregileek kontratuak egiten zituzten, behar izaten zituzten materialen hornikuntza ziurtatzeko; gisa horretakoak dira Elorzak berak Elgoibarko burdingile Antonio Olidenekin egindakoak: hark 50 kintal burdina hornitu behar zizkion, kintal bakoitzeko 62 erreal ordainduta; beste horrenbeste egin zuen Ignazio Arriolarekin: 80 gurdikada gaztain-ikatza hornitu behar zizkion, gurdikada bakoitzeko 18,50 errealeko prezioan.

Gizon polifasetikoak izan ziren haietako batzuk, hala nola Gregorio Agirre, 1734an arkitekto maisu lana utzi baitzuen bere aitaginarrebaren sutegiez arduratzeko «bertan lan eginez, txango eta irtenaldi luzeak eginez, lana eskuratzeko». Baita ere, maisu armagile gisa ere nabarmendu zen, burdina ebakitzeko eta kanoiak karrakatzeko tresnak asmatu baitzituen.

Maisu forjari haiek sutegiak herriaren aldirietan izaten zituzten, behar zen tresneria guztiaz hornituta, bai burdineria, balkoiak edo burdin sareak  egiteko, bai kanoiak forjatzeko, bai ordulariak eraikitzeko; lanbidearen jakintza guztia semeei edo haien kargu hartzen zituzten ikastunei erakusten zieten.