Artisaua

Blanka Gomez de Segura Pierola (Zeanuri, Bizkaia, 1952) oso gazte zelarik Markinara joan zen bere familiarekin, lan kontuak tarteko. Oinarrizko ikasketen eta lan batxilergo administratiboaren ondotik, bigarren mailako LH ikasketak egin zituen, marrazki teknikoaren espezialitatean. 1974-1978 epean besteren kontura aritu zen Durangon, eta zeramikan espezializatu zen, Markinan hasiera batean eta Ondarroako Kresala zentroan gero, Miguel Anjel Lertsundi eta Bitxore Lakarekin.

Hainbat ikastaro egin zituen La Bisbal (Girona) eta Sagardelos-en (Lugo), eta baita Bartzelonan eta Madrilen ere Buenos Airesko Jorge Fernández Chiti irakaslearekin.

1979az geroztik Arte Eskolaren (Markina) fundazio taldearen kidea da, eta 1982-1987 bitartean zeramika artistiko eskolak eman zituen Lea-Artibai eskualdeko lehen hezkuntzako ikastetxeetako programa didaktikoaren barnean.

Blanka GomezBlanka Gomez de Segura buztingile maistra egite prozesuan murgilduta. (Argazkia: Julen Zabaleta).

1983an José Ortiz de Zaraterekin harremana izaten hasi zen, hau buztina lantzeko modu tradizionalaren ordezkaria baitzen. Adin edo kultur aldea handia bazen ere, adiskidetasuna sendotu eta iraganeko teknikak berreskuratzea lortu zuen, buztingile gazteei erakustearren hurrena.

1992an Blanka Gomez de Segurak bere familiarekin José Ortiz de Zarateren eltzetegia eta labe erantsia erosi zituen. Labeak, laukizuzen erako oinplanokoa eta bederatzi metro garaikoa, 8.000 pieza har zitzakeen labealdi bakar batean, eta erregaia eltzegileek bi hilabetean zehar prestatzen zituzten otea eta adarrak ziren. Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz 1993an egin zuten eraikinaren zaharberritze integralaren ondotik, labea euskal kultur ondarearen inbentario orokorrean sartu zuten. Gaur egun euskal buztingintzaren museoa eta lantegi-eskola da, eta bertara joaten dira buztingintzaren lanbidea ezagutzen dutelarik bere teknikak hobetu nahi dituzten pertsonak.

Buztingile maistrak, bere jardueraren parte bat, antzinako material, esmalte eta apaindurari buruz ikertzen ematen du, baina begi-bistakoak ditu bai bokazio didaktikoa bai buztingintzaren gaineko ezaguera zabala besteei eskaintzeko bere buruari ezartzen dion exijentzia maila handia. Gainera estatu zein Europa mailako hainbat elkarteren kide da.